euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Baraderoko Aurrera EE argentinarrak liburu bat aurkeztu eta haritza landatuko du hiriaren 4. mendeurreneko ekitaldietan

2015/07/08

Baraderoko Aurrera-ko lagunak, herriko Gizataldeen Festan (argazkia BTI)
Baraderoko Aurrera-ko lagunak, herriko Gizataldeen Festan (argazkia BTI)

PUBLIZITATEA

Buenos Aires probintziako Baradero hiria 400 urte betetzen ari da uztail honetan eta Udalak antolaturik programa anitza garatuko da hilabete osoan zehar. Aurrera euskal etxeko lagunak ere izango dira jaian protagonista eta hiriko euskal gizataldearen izenean, “Gure Aitonak” izeneko liburua aurkeztu, haritz bat landatu eta monolito bat desestaliko dute, bertako San Ignacio auzoan.

Baradero, Argentina. Bolada bat darama Baraderoko Aurrera euskal etxeak hiriaren laugarren mendeurrena ospatzeko eratutako ekitaldietako bere partaidetza prestatzen. Ekintzen programa zabala da, mota askotako proposamenak barne eta uztailaren 23an hasiko da, Nuestros Aitonas (Gure Aitonak) izenburuko liburuaren aurkezpenarekin.

Euskal etxeko idazkaria den Griselda Esconjaureguyk EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “liburua atalka banatu dugu, honako edukiekin: Euskal Herriari buruzko informazioa, ikurrinaren historia eta Aita Gurea euskaraz; gero herriko euskal ondorengoen istorioak; eta bukatzeko, argazki bilduma bat". "Arbaso euskalduneko familia bakoitzak bere berri  eman du eta guk haiek egin duten bezala utzi dugu, garrantzitsua iruditu zaigulako pasadizoak kontatzeko era errespetatzea”. Gure Aitonak uztailaren 23an aurkeztuko da, arratsaldeko 6:30etan, Edelweiss hotelean. Aurkezpen ekitaldian euskal musika entzungo da eta Euskal Herriko argazkiak jarriko dira ikusgai.

Programarekin jarraituz, uztailaren 29an, goizeko 11etan, haritz bat landatuko dute euskal etxeko ordezkariek Saavedra eta Perito Moreno kaleen izkinan. “Gure asmoa da hor hasten den bulebarrari ‘San Ignacio’ izena jartzea". "Hori, bertan izan zirelako lehenengo Golonechea (sic) Labeak, amaren aldetik, nire aitonarenak zirenak; izan ere, auzoak badu dagoeneko San Ignacio izena gure aitonari omenez”, azaldu digu Esconjaureguyk. Haritza landatzeaz gain monolito bat desestaliko dute Aurrera-ko emakumeek.

Uztailaren 30ean, berriz, hitzordua Zahar-Etxean izango da. Egun horretan, euskal etxeko lehendakaria den “Neska” Ines Longina de Elorduy-k antolatuta, askaria eramango diete euskal etxeko lagunek herriko zaharrei.

Eta euskal programarekin bukatzeko, uztailaren 31an, San Inazio edo Iñaki Deunaren egunean, zeremonia bat egingo dute Loiolako santua omentzeko. Ekintza arratsaldeko 3etan izango da, Colon plazan, eta bertan kutxa bat lurperatuko dute euskal etxeko arduradunek. “Kutxa barruan, testu batean euskal etxearen historia jarriko dugu, ehun urte barru lurpetik ateratzeko aginduarekin”, azaldu du Esconjaureguyk.

Baraderoko Aurrera euskal etxea modu desjarraituan garatzen du bere jarduera Baraderon. Norbaitek parte hartzeko interesa balu edo liburuaren ale bat eskuratu nahiko balu, kontaktu helbidea griesconjaureguy@hotmail.com da. 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia