euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Uztailaren 1era arte dago ikusgai Euskal Aztarna, poliki berrindartu den Olavarriako Gure Etxe Maitea-n

2012/06/25

'Euskal Aztarna Argentinan' erakusketa Olavarriako Gure Etxe Maitea euskal etxean (argazkiaEE)
'Euskal Aztarna Argentinan' erakusketa Olavarriako Gure Etxe Maitea euskal etxean (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Inoiz baino biziago dago Olavarriako euskal etxe argentinarra. 2010ean bertako euskaldun talde batek erakundea berreskuratzea erabaki zuenetik, ekintzak ez dira gutxi Gure Etxe Maitea-ren egutegian. Egun hauetan, uztailaren 1era arte, ‘Euskal Aztarna Argentinan’ erakusketa ikusgai egongo da euskal etxeko egoitzan. Horrekin batera, janari salmenta aktibatu du Gure Etxe Maitea-k. “Oso aukera ona da jendearentzat, eramateko eta jateko prest saltzen dugulako. Eta guretzat diru-sarrerak eskuratzeko bide bat da; gauza anitz egin behar ditugu oraindik etxea dotoretzeko eta horrek dirua eskatzen du”, adierazi dio Susana Mendizabal etxeko lehendakariak EuskalKultura.com-i. Hurrengo salmenta uztailaren 9an izango da eta menua, lokroa.

Olavarria, Argentina. Euskal eta Argentinako aztarnak batu egin ziren ekainaren 20an Buenos Aires probintziako Olavarria hiriko euskal etxean. Argentinako Banderaren Eguna ‘Euskal Aztarna Argentinan’ aurkezteko aitzaki bihurtu zen eta jai eguna zenez jende ugari bertaratu zen Gure Etxe Maitea-ko egoitzara erakusketa ikustera.

Argentinarako euskal immigrazioaren xehetasunak jakiteaz gain, Euskal Herriko plater tipiko bat erosteko aukera ere izan zuten Olavarriako euskal etxera hurbildu ziren lagunek. Ekainaren 20an, tripakiak Bizkaiko erara prestatu zituzten Gure Etxe Maitia-ko sukaldariek anoaka saltzeko.

“Momentu honetan janari salmenta oso aktibitate garrantzitsua da guretzat. Hamabost egunero egiten dugu eta bataz beste ehun eta hogei bat puska saltzen ditugu. Herritarren artean arrakastaz sartu den ekimena da eta guretzat diru iturri garrantzitsua bilakatu da, dirua behar baitugu egoitza berritzeko”, azaldu dio euskal etxeko lehendakaria den Susana Mendizabal-ek EuskalKultura.com-i.

Erakusketa uztailaren lehenera arte egongo da irekita publiko orokorrari, larunbat eta igandetan arratsaldeko 3:30etatik 6etara, Irigoyen eta Alsina kaleetako izkinan.

Uztaileko menuak eta erakusketa

Datorren hilabetean erritmo berarekin jarraituko dute Olavarriako euskaldunek. Argentinako Independentziaren Egunean, esan nahi baita uztailaren 9an, lokroa prestatuko dute saltzeko. Uztaileko azken astebururako, ordea, dilistak dira hautatutako menua. Asteburu berean argazki erakusketa bat eratuko dute Olavarriakoek.

janari salmenta Olavarrian 2012 01
[Lan da lan euskal etxeko kideak saltzeko janaria prestatzen (argazkiak EE)]

“Asmoa da hona heldu ziren euskal etorkinen irudiak erakustea. Horretarako oso material baliagarria ari gara biltzen. Eskuratu dugun materialen artean, adibidez, Retegi Rekarte familiaren agiriak daude, XIX. mendearen hasierakoak”, azaldu digu Mendizabal-ek. “Izugarri gustatzen zaio jendeari bere sustraiak ezagutzea. Liburu Azokan erositako Juan de Garay Fundazioaren 'Vascos en Argentina, familias y protagonismo' (Euskaldunak Argentinan, familiak eta protagonismoa) liburuaren 4. edizioa ekarri dut eta jendeak bere familiaren informazioa bilatzeko erabiltzen du” jakinarazi digu euskal etxeko lehendakariak.

Gure Etxe Maitea euskal etxearen egoera

Susana Mendizabal-ek erakundearen egoera administratibo eta ekonomikoaren xehetasunak azaldu ditu EuskalKultura.com-ekin izan duen elkarrizketan. “Euskal etxea berreskuratu genuenean oso egoera larrian zegoen. Egoitzaren, eraikinaren planorik ere ez zegoen, eta beharrezkoak ziren egoera administratiboa normalizatzeko. Hori konpontzeko urrats eman ditugu. Alde batetik, UniCen (Universidad del Sur) unibertsitatearekin hitzarmen bat sinatu dugu eta euren ikasleek, praktika gisa, egingo dizkigute planoak. Beste alde batetik, dirutza behar da tramite izapideak burutzeko. Raquel Melendez Tesone de Jaureguizar eta bere ahaideei, egin duten diru dohaintzari zor diogu hori egin ahal izana”.

Gogora dezagun 2003tik 2010era arte, Gure Etxe Maitea erakundearen jarduna erabat erori zela, ia erabat desagertzeraino, eta Eusko Jaurlaritzak munduko euskal etxeen zerrendatik ezabatu zuela 2008an. 2010 hasieran, ordea, Susana Mendizabal buru zuen talde batek erakundea biziberritzeko helburuari ekin zion eta bi urte hauetan euren lekua berreskuratu dute gogo, ahalegin eta ilusio handiz Diasporako euskal elkarteen artean. 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia