euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Balioespen baikorrak Bartzelonan, asteburuan Europa eta Asia-Australiako EEk eginiko bileran (I)

2014/03/31

Europa eta Asia-Australiako Kongresuarteko Euskal Etxeen Bilkura. Atzean, interpretazio-kabinak. Partaide gehienak euskaldunak zirenez, bilera euskaraz izan zen gehienbat, interpretaritza zerbitzuekin gaztelera eta frantsesera (argazkia EuskalKultura.com)
Europa eta Asia-Australiako Kongresuarteko Euskal Etxeen Bilkura. Atzean, interpretazio-kabinak. Partaide gehienak euskaldunak zirenez, bilera euskaraz izan zen gehienbat, interpretaritza zerbitzuekin gaztelera eta frantsesera (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Bi izan dira euskal etxeek joan den asteburuan Bartzelonan eginiko bilerak. Batetik, mundu-kongresu arteko bilera bat, Europa eta Asia-Australiako euskal etxeak partaide, larunbatean. Esku hartu duten euskal elkarteak, Paris, Berlin, Erroma, Shanghai, Londres, Bordele, Brusela, Bartzelona, Townsville, Valentzia, Madril, Zaragoza, Paue, Sydney, Mallorca, Quart de Poblet, Salou eta Valladolid. Bestetik, estatu espainiarreko euskal etxeen bilera, igandean, eta baita mus-txapelketa ere, Salouko bikotea txapeldun (bihar argazki bidezko kronika).

Bartzelona, Katalunia. Asteburu lanpetua, joan den hau Bartzelonako Euskal Etxearentzat, anfitrioi izan baita Kataluniako hiriburuko euskal elkartea, nazioarte mailako euskal etxeen bilera batena, larunbatean; eta estatu espainiarreko euskal etxeen urteroko bilerarena, igandean. Azken kasu honetan, eta mus alorrean, ekitaldi paraleloan mundu-mailako txapelketara Espainiako estatuaren izenean joango den bikotea atera delarik, Mexikoko Cancuneko finalera, hain zuzen, bidaiatuko den bikotea.

Partaide izan diren euskal etxeetako ordezkariekin batera, Eusko Jaurlaritzako ordezkari, eta nazioarteko euskal etxeen bileraren antolatzaile, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, Marian Elorza, eta Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria, Asier Vallejo. Eurekin batera Bartzelonan ziren Manu Meaurio Kanpo Harremanetarako teknikaria eta Mayte Galardi, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzatik.

Harrera ekitaldia Bartzelonako Udaletxean

Lan-saioak, berez, larunbatean hasi ziren baina ostiral iluntzean sarrera edo programa-aurre moduko bat garatu zen, Bartzelonako Udalak partaideei eginiko harrera ekitaldiarekin, Jordi Martí Galviz Lehendakaritza zinegotzia eta Montserrat Martí Erakunde-Harremanetarako zuzendaria harreragile, Udaletxearen eraikina eta bere areto ikusgarri eta historiatsuen bisita gidatua barne, historialari bat eta Jordi Martí zinegotzia bera gidari. Ondoren afaria Sagardi euskal jatetxean. Ez da ahaztu behar partaideen arteko elkar ezagutza eta elkarren berri eta euren euskal etxeen arteko kontaktua eta esperientzia trukea izan ohi dela bilera honen eta honelakoen zalantzarik gabeko balio aberasgarrietako bat.

Larunbateko saioak Bartzelona zaharreko Born-eko komentuan --zaharberritu eta kultura helburuetarako egokitutako baliabidea-- egin ziren. Jaurlaritzak deitutako bilera zen eta gobernuaren izenean Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, Marian Elorza, eta Asier Vallejo, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria mintzatu ziren.

17 euskal etxeren ordezkariak

Euskal etxeen aldetik, ordezkariak bidali zituzten Paris, Berlin, Erroma, Shanghai, Londres, Bordele, Brusela, Bartzelona, Townsville, Valentzia, Madril, Zaragoza, Paue, Sydney, Mallorca, Quart de Poblet, Salou eta Valladolid-eko euskal etxeek. Gogoratu, mundu-kongresuarteko honelako bilera bat egiten zen lehen aldia zela, Euskal Gizataldeen V. Mundu-Kongresuak eskatutakoari segituz, aurretik Ipar Ameriketan (Elko, Nevadan) eta Hego Ameriketan (Villa Maria, Argentinan) egindako beste biekin mundu osoko erronda itxiz. 

Goiz-arratsaldeko saioek parte hartze polita izan zuten eta zenbait euskal etxeren artean proiektu europarrak, Europar Batasunak lagunduak, egiteko aukerak aztertu ziren, ildo horretan Erromako eta Berlingo euskal etxeen esperientzia eta proposamenak mahaigaineratuta. Jaurlaritzak, euskal etxeen federazio europar bat egiteko posibilitatea egon litekeela aipatu zuen.

Euskal etxe eredu desberdinak

Belaunaldi berriak erakartzen zenbait euskal etxek dauzkaten arazoak azaleratu ziren, euskal etxeen artean dauden eredu eta erralitate desberdinak agerian utziz, baita egoitza bat jabegoan eukitzeak izan ditzakeen abantaila eta desabantailak ere. Kokatzen diren hiri eta herrialdeko biztanleenganako euskal kulturaren antena moduan funtzionatzen duten euskal etxe eredua atera zen, askotan egoitza fisikorik ez duena, eta ekitaldiak, proposatzen den ekimenaren arabera liburudendetan, zinemetan, kultura etxeetan egiten dituena; eta eraikina edo egoitza eukitzea baldintzapen garesti gisa daukan euskal etxea, tradizionalagoa izaeraz. Belaunaldien arteko elkarbizitza ere aipatu zen, tokian tokiko kasuak, leku batzuetan ez baita arazo, eta beste batzuetan gazteek lana baitaukate euren espazioa lortzearren.

Euskararen alorrean, HABEko Kinku Zinkunegik koordinatzen duen 'Euskara Munduan' programaren lana goraipatu zen, bere "bikaintasuna" laudatu eta azpimarratuz. Jaurlaritzak eskatuta, Bartzelonako Euskal Etxeak bere euskal etxe eredua azaldu zuen, munduan dinamiko eta aktiboena edo dinamiko eta aktiboenetarik, urtean 150 bat ekimen eginez, bereziki Bartzelona eta Kataluniako herriari eta herritarrei euskaldunak eta euskal kultura aurkeztuz pentsatuak. Igandean, berriz, Espainiako estatuko euskal etxeen urteko bilera egin zen, Euskal Etxearen egoitzan.

Bi bileretan presente egon zen oso pairatzen ari garen egoera ekonomiko latza eta horrek Jaurlaritzaren aurrekontuetan eta honek euskal etxeekiko laguntza eta sostengu deialdietan daukan isla. Oro har, munduko euskal etxeen artean galdetuta, asteburua oso interesgarri eta emankorra izan dela adierazi digute, "egoera ekonomikoa latza bada ere, honelako foro bat eukitzea eta gaiak mahaigaineratu eta partekatu ahal izatea, Jaurlaritza erantzunak eta aurpegia emateko prest, beti baita positiboa".

(bihar argazki bidezko kronika)



Komentarioak

  • Bartzelona

    Eskerrik asko zeuei eta Bartzelonara etorri zareten guztioi! Berriro laster ikusi arte.

    Jon Elordi, 2014/04/02 16:44

  • bartzelona

    Mallorcatik eskerrak eman nahi genizkioke Bartzelonako Euskal Etxeari egindako lan guztiagatik. Oso oso gustura egon gara, oso pozik itzuli gara irlara izandako esperientzia aberasgarria iruditu zaigulako, bai jasotako aholku eta ideia berriengatik eta baita egindako lagun berriengatik ere.

    garbiñe eta manoli, 2014/03/31 14:01

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia