Balioespen sakonagoak egiteko denbora zertxobait gehiago behar bada ere, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak balioespen baikorra egin du Gasteizen amaitu berria den Euskal Gizataldeen VI. Mundu-Batzarraz eta honekin batera garatu den Gaztemundu 2015 programaz. Asier Vallejo zuzendariak EuskalKultura.com-en eskaerari erantzunez adierazi duenez, gauzak hobetu daitezke baina lehenengo balantzea zinez baikorra da Gaztemunduri dagokionez, eta Batzarra ere baikor balioetsi dute, "nota hartu dugularik datozen kongresuetarako hobe daitezkeen gauzez". Ikus, azkenean, argazki galeriak.
Vitoria-Gasteiz. Gisa honetako edozein ekitaldiren ondotik azterketa eta gogoetarako momentua heldu da, antolatzaile talde barru eta kanpoko iritziak bildu eta ekitaldiaren kritika egiteko tenorea. Horretan ari dira Jaurlaritzan Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzan, baina lehenengo inpresioen berri galdetu nahi izan die EuskalKultura-com-ek bulego antolatzaileko kideei eta Asier Vallejo zuzendariari berari. Euren esanetan, oro har pozik daude Batzarraren martxarekin eta egin daitezkeen hobekuntzak buruan --azken egunean denbora falta konklusioak behar bezala biribiltzeko aipatuta adibide-- kontent agertu dira, partaidetza areagotzeko, formatoan aldaketak egin beharra ikusten dutela eta Batzarreko konklusioen alorrean Aholku Batzordeari aurkeztuko zaizkion zenbait eskabide eta planteamentuen nota hartuta.
Azpimarratzen dute Batzarraren irekiera-hitzaldia eman zuen Kingsley Aikins diaspora alorreko aditu irlandarraren ekarpena, eta batzarkideen eta irekiera ekitaldira bildutako agintari eta ordezkariei egin zizkien hitzak, diasporizatu kontzeptuaren harira, nabarmenduz horri dagokionez ordubeteko bilera izan zuela Urkullu lehendakariarekin, alegia euskal politika eta aurrekontuak diasporizatzeko ahala duen pertsonarekin, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia eta Asier Vallejo Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria ere bertan zirela.
Kongresu arteko bilerak
Kongresuan proposamen gisa aurrera egin duten ideien artean, kongresu arteko bilerak indartzea, modu berezian Europako euskal etxeen aldetik bultzatzen den ideia. Ontzat eman dira aurreko Mundu-Batzarretik bi urtetara egindako bilerak, bereziki Europakoaren arrakasta azpimarratuta. Izan ere, behar eta eskabide indartsuena euskal etxe talde horretatik letorke, bi urtero edo urtero ere Europa mailako bilerak egitea proposatu zutelarik, "aurrekontuek hala ahalbidetzen duten heinean" hitzak gehitu zitzaizkiola eskabideari. FIVUko ordezkariak Montevideo eskaini zuen gisa honetako bere eskualdeko hurrengo bilera egiteko egoitza legez. Ipar Ameriketan, NABOko kideak --AEB eta Kanada ordezkatuz-- biltzen dira dagoeneko urtean hirutan, beraz bi urtero Mexiko ere bertara liteke. Bilera hauek beste dinamika batekin eginez, ordea, eta Mundu-Batzar txikiak bilakatu gabe.
Batzarrean egoteko eskubidea eta obligazioa zeukaten herrialde batzuk zergatik etorri ez diren aztertu beharko da, eta baita ordezkari kopuru aldetik ere, logistika alorra ahalik eta finen ibili dadin . 25 herrialdek zeukaten bakouitza hiruna ordezkari igortzeko aukera, eta 22 herrialdek bidali zuten ordezkaritza, Andorrak, Txinak eta Dominikar Errepublikak kale eginik. Gainerakoetatik 59 ordezkari etorri ziren.
Txostenak
Gaztemunduko gazteei, programan parte hartzeko derrigorrez eskatutako txostenak, euren etxeen egoera eta arazoak identifikatu eta hobetzeko proposamenak iradokiz, oso ongi funtzionatu zuten, eta onartutako 15 gazteenak zein aurkeztutako gainerakoenak lan-dokumentu interesgarriak bilakatu dira. Mundu-Batzarrerako euskal etxeei proposamenak eskatuz galdeginiko dokumentuetan, baina, ez zen parekorik gertatu. Kongresu aurretik prestatu beharreko lana aztertu eta begiratu beharko da, kritikoki, euskal etxeeei zein Jaurlaritzari dagokienez.
Proposamen-dokumentua, Batzarraren emaitza gisa eta Lau-urteko Plan bihurtzeko Aholku Batzordeak --abendua izan daiteke bil daitekeen data, lehendakaria buru-- landu, eztabaidatu eta onetsi beharko duena, batzarkideek hautatutako hiru ordezkariekin biribilduko dute lehenago.
Hona Kanpoan diren Euskal Gizataldeen VI. Mundu-Biltzarraz EuskalKultura.com-ek joan den astean osatutako argazki-kronika, sei galeriatan banatuta: