euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Balio anitzeko aretoko zorua inauguratu dute Eusko Aterpea-ko kideek Aberri Eguneko ospakizunean

2011/05/19

Eusko Aterpea euskal etxeko dantzariak Aberri Eguneko bazkarian (argazkia EE)
Eusko Aterpea euskal etxeko dantzariak Aberri Eguneko bazkarian (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Ehunda berrogeita hamar bat lagun bildu ziren maiatzaren 8an Argentinako Gral. Rodriguezko Eusko Aterpea euskal etxean Aberri Eguna ospatzeko. Euskaldunentzat hain garrantzitsua den efemeride hau ez zuten izan, ordea, elkartzeko arrazoi bakarra izan. Pausoz pauso altxatzen ari diren egoitza prest egotetik gero eta hurbilago dago eta 'SUM' edo balio anitzeko aretoko zorua inauguratu zuten Eusko Aterpea-koek pasa den egun horretan burututako bazkarian. Lujan, Moreno, Cañuelas, San Miguel eta Suipachako ordezkaritzek lagundu zituzten Rodriguetarrak beren festan.

Gral. Rodriguez, Argentina. Hamaikagarren urtez jarraian Buenos Aires probintziako Gral. Rodriguezeko Eusko Aterpea euskal etxeak, bertako komunitate eta inguruko herrietako euskaldunekin ospatu du Aberri Eguna.

Ehunda berrogeita hamar bat lagunentzako erreki edo 'asado' tipikoa izan da bazkariko menua eta euskal etxeko sukaldariek berek prestatu dute baita ere amaieran zozkatutako txerria.

Aberri Eguna Gral Rodriguezen 2011 01

[Eusko Aterpea euskal etxeak antolatutako Aberri Eguneko ospakizunera hurbildu ziren lagunetako batzuk (argazkia EE)]

Jaia Argentinako bandera eta ikurrinari egindako ongietorriarekin hasi zen. Ondoren erakundearen lehendakaria den Raul Tarettok hitz batzuk zuzendu zizkion bildutako jendeari. “Urtero ospakizun honetan azpimarratzen dugun bezala gaur ere esan nahi dugu Euskal Herriaren etorkizuna euskaldunen esku egon behar dela”, adierazi zuen Tarettok.

Aberri Eguna Gral. Rodriguezen 2011 02

[Euskal etxeko dantza taldeak bere koreografiekin alaitu zuen jaia (argazkia EE)]

Bukatzeko, Itziar Mohr irakaslearen eskutik, euskal etxeko dantzari eta gonbidatu guztiek Euskal Herriko dantza tipikoenak dantzatu zituzten, arratsaldeko 5ak arte luzatu zen elkarretaratzean.

Aberri Eguna Gral. Rodriguezen 2011 03

[Gonbidatuen artean zozkatu zen txerri errea (argazkia EE)]

Egoitzaren eraikuntza-lanak

Ahalegin handiak egiten ari dira Gral. Rodriguezeko euskaldunak beren etxearen egoitza bukatu ahal izateko; eta ahalegin horien emaitzak bistan daude honez gero. Aberri Eguneko jaiarekin batera, eraikuntza-lanak aurrera doazela ere ospatu dute rodrigueztarrek. Balio anitzeko aretoko zorua --hemen SUM, sala de usos multiples,  deitzen dena-- prest eta erabiltzeko moduan dago pasa den maiatzaren 8tik. Datozen hilabeteetan, berriz, sabaia bukatzeko falta diren 120 metro koadro egingo direla aurreratu dio EuskalKultura.com-i Eusko Aterpea-ko lehendakari Raul Tarettok.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia