euskal diaspora eta kultura
2011/06/08
PUBLIZITATEA
Getaria, Gipuzkoa. Atzo inauguratu zen ofizialki Getariako Balenciaga Museoa eta bertan izan ziren Euskal Herriko eta Espainiako agintari ugari, Patxi Lopez lehendakaria eta Sofia erregina buru. Nazioarteko moda munduko ordezkaritza zabalak ere babestu zuen museoaren irekiera, tartean Balenciaga Fundazioko kide den Hubert de Givenchy diseinatzaile ezaguna.
Ekitaldi ofizialaren ostean bihar museoak ateak irekiko ditu, baina getariarrentzako bakarrik. Hamar urtez proiektuaren gorabeherak gertuenetik bizi izan dituzten Balenciagaren herrikideek zertan gauzatu den ikusi ahal izango dute.
Bi eraikinek osatzen dute Balentziaga Museoa: Barroeta-Aldamar jauregi historikoa eta eraikin berria. Museoaren edifizioaren eraikuntzan 30 milioi euro erabili dira eta tartean inaugurazioa zenbait urte atzeratu duen fondoen erabilera okerrari buruzko eskandalua eta salaketa izan dira. Auzia Azpeitiako epaitegietan argitzen den bitartean, museoak aurrera egin du inaugurazioarekin eta Getariari nazioarteko entzutea emango diola espero da. Balenciaga Fundazioa da ekimenaren sustatzailea eta berarekin batera Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Espainiako Kultura Ministerioa eta Getariako Udala lankide izan proiektuan.
Soinekoak arte-lan
Museoan 90 piezak osaturiko erakusketa iraunkorra dago (70 soineko eta 20 osagarri), baina fundazioaren bildumak 1.200 pieza ditu orotara. Pieza hauek txandakatuz aurkeztuko dituzte, erakusketa iraunkorrarekin batera. Bilduma osatzen duten soineko eta pieza asko Balenciagaren bezeroek eta Givenchy bezalako lagunek museoari dohaintzan eman dizkiote Balenciagaren lana sustatuko duen proiektu honen parte izan zitezen. Bilduman, besteak beste, Grace Kelly printzesaren beroki bat eta soineko bat eta Fabiola erregina belgikarraren eztei-jantzia daude.
Jantziak dira erakusketaren izarrak eta museoak arte lan hauen bitartez erakusten du Balenciaga maisuaren sormena eta talentua. Bere garaiko diseinatzaile moderno eta iraultzaileenetakoa izan zen Balenciaga (1895-1972) eta Christian Dior bezalako maisu garaikide batek zera zioen bere lanari buruz: "Guk, oihalekin ahal duguna egiten dugu. Balenciagak, aldiz, berak nahi duena egiten du”. Museoak sei sala desberdinetan banatu du bilduma: ''Hastapenak'' (Donostian, Madrilen eta Bartzelonan egin zituen lehendabiziko lanak), ''Eguna'', ''Koktela'', ' Gaua'', ''Ezkongaiak'', eta ''Balenciaga funtsezkoa''.
Munich-en oihartzuna
Inaugurazio ekitaldi ofizialaz gain, Balenciaga Museoak oihartzuna izan zuen atzo Munich-en ere, Eusko Jaurlaritzaren Turismo sailak egn zuen promozio ekitaldian. Bertan euskal moda ezagutarazteko Alicia Rueda, María Cle Leal, Miguel Palacio, Minimil, Miriam Ocariz, Modesto Lomba, Isabel Zapardiez eta Lemoniez diseinatzaileen lanak aurkeztu zituzten eta Balenciaga Museoa Euskadira etortzeko beste arrazoi bat bezala aurkeztu zuten.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus