euskal diaspora eta kultura
2010/03/31
PUBLIZITATEA
San Nicolás, Argentina. Argentinako Bigarren Mendeurreneko ospakizunen testuinguruan, apirilaren 14an hasiko da San Nicolaseko Euskal Etxean eta etxeko kideek bildutako baldosekin patio berriaren eraikuntza. Buenos Aires probintziako herri honetako euskaldunak Euskal Herriko baldosa zaharrez baliatuko dira gaurko gazteek ibiliko duten bide berri bat egiteko. Egun hartan iraganak eta etorkizunak bat egingo dute.
'Ideia honi buruz hitz egin genuen lehengo aldia iazko batzordeko bilera bat izan zen, azaro aldean. Berehala berria Facebook-en bitartez hedatu zen eta hango –Euskal Herriko– jendea interesatzen hasi zen. Hedabideak ere laguntzen ari zaizkigu; izan ere Deia egunkarian artikulu bat atera da, eta Euskadi eta Onda Vasca Irratiek elkarrizketak egin zizkiguten', azaldu dio Damian Cebeyk EuskalKultura.com-i.
Joan den urteko amaieran, Bilboko baldosa jaso zuten San Nicolaseko Euskal Etxekoek, hiriko alkateak berak bidalitakoa. 'Euskaldunak biltzen dituen collage bat egin nahi dugu eta guztien laguntzarekin lortuko dugu', iragartzen du erakundeko lehendakariak.
Argentinako lurra ere bai
Orain, ordea, deialdia zabaldu egin da eta Euskal Herriko baldosak ez ezik, Argentinako herrietako lurraren zatiak ere jasoko dira. 'Proiektua ez da Euskal Herrira soilik mugatuko. Hemengo euskal etxe askotako jendeak ere parte hartu nahi du gure proiektuan', -- kontatzen du harro Cebeyk -- . 'Horregatik jotzen dugu zuengana (EuskalKultura.com-engana), Diasporari ere deialdia egiteko'.
Bigarren Mendeurreneko beste ekintza batzuk
Argentinan zehar ospatuko den jai honen baitan, San Nicolasen beste ekintza batzuk ere gauzatuko dira. “Euskal baserrien eta musika tresnen argazki erakusketa” ikusgai jarriko da Rojo, Conesa, Erézcano, Campo Salles eta La Emilia komunitateetan. Apirilaren 22an, Errekatarrak Abesbatzaren kontzertua, kalejira, Gernikako kimuari omenaldia eta afari bat egindo dute San Nicolasko euskaldunek. Horretaz gain, “Euskaldunak eta Argentinako Bigarren Mendeurrena” gaiari buruzko idazlanak egitera gonbidatuko zaie eskoletako ikasleei. Lanak maiatzaren 8an, Etxe Nasaiaren testuinguruan aurkeztuko dira. Bukatzeko, eta data berezi honen aztarna bat uzteko, Udaletxeak herriko enparantzako bideak txukuntzeko lanak egingo ditu. Euskal Etxeak adreilu eta zeramikoak jarriko ditu Gernikako Kimuraino heltzen den kaletxoan bide hori konpontzeko. Ekintza hauek Udaletxeko ospakizunen egitarauan daude.
Urteko aktibitateak
Bitartean, euskal etxean betiko proiektu eta ekintzekin hasi dira jadanik kideak. Tartean, “Etxe nasaia”, “Diasporaren Herri Kirolak”, “Irakurriz Hazi”, Liburutegia (astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan arratsaldeko 6etatik 8etara), Abesbatza (astearteetan iluntzeko 8:30etatik 10etara), Mus (astelehenetik ostegunera arte, gauean) eta Truko-mus (ostiraletan hamabost egunean behin). Bukatzeko eta urtero bezala, datorren ostiralean -- Ostiral Santuan -- txipiroiak eta paella salduko dute euskal etxekoek euren egoitzan.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus