euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Balantzea egin du Carlos Gabilondok aurten 10. urteurrena ospatu duen bere 'Euskal Zinema Ibiltaria' ekimenaz

2020/12/09

Euskal Zinema Ibiltariaren 10. urteurrenak Buenos Airesko Euskaltzaleak-en itxiko ditu datorren astean saioak
Euskal Zinema Ibiltariaren 10. urteurrenak Buenos Airesko Euskaltzaleak-en itxiko ditu datorren astean saioak

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Carlos Gabilondok, Euskal Zinema Ibiltariko arduradunak, urteko agenda bete-beteta ekin zion 2020ari joan den otsailean. Hogei bat euskal etxe bisitatuko zituen, behin baino gehiagotan, azken hamarkada honetan Euskal Zinema Ibiltariaren anfitrioi izandakoak. Ia urtebete pasatu da momentu hartatik eta agendatutako jardueretatik bat bera ere ez du egin ahal izan, ez behintzat pentsatu bezala. Zine zikloak, ordea, aktibo jarraitu du urte osoan, eta euskal pelikulak ikusi ahal izan dira, diferente, hala eskatutako euskal etxeetan.

“Pandemiak, horrek eragindako ekintza birtualek eta lagun minen heriotzek baldintzatu digute urtea”, adierazi dio Gabilondok EuskalKultura.eus-i bere ekimenaren 10. urteurren urteko balantzeaz galdetuta. “Baina, hala ere, oztopo horiek guztiei gaina hartu eta egoerara egokituz 29 saio eskaini ahal izan ditugu urtean zehar. Saioetako protagonista, hori bai, euskal laburmetraiak izan dira, batetik, baina baita ere, nola ez, komunikazioa eta proiekzioak ahalbidetu dituzten teknologia berriak”, aitortu digu.

Hogeita bederatzi on line forum-saio edo elkarretaratze birtual hauek honako euskal etxe eta elkarteetan egin ahal izan ditu: Buenos Aireseko Euskaltzaleak, La Platako Euzko Etxea, San Miguelgo Askatasunaren Bidea, Saladilloko Itxaropen, Chivilcoyko Beti Aurrera, Comodoro Rivadaviako Euskal Echea eta Trenque Lauquengo Euskal Sustraiak.

Urteurreneko une kutunenak

“Guztiak bereziak izan badira ere, saio batzuk bereziki bildu zaizkit gogora”, azpimarratu du zine adituak: “La Platako Euzko Etxean Gernikako Bonbardaketaren inguruan antolatutako omenaldi saioa, Hannot Mintegiaren Markac (2017) filmarekin; Euskaltzaleak-en, Telmo Esnalen Dantza (2018), Gorka Merchan Aitaren Etxean (2009) eta Ander Iriarteren Echevarriatik etxeberriara (2014) laburmetraiak ikusi genituena; eta San Miguelgo Askatasunaren Bidea Elkartean Iparraldean grabatutako Ludovic Bernard-en Mission Pays Basque-ren emanaldia”.

Proiektuak sorleku izan zuen Euskaltzaleak-ekin elkarrizketa birtual batzuk ere egin ditu urtean zehar Gabilondok. Euskal kultura erreferente izandako Nestor Basterretxea eskultore, pintore eta zinegilearen semea eta biloba Jonan eta Telmo Basterretxea elkarrizketatu zituen, Casa Vacía eta Tienes plena libertad para proyectar laburmetraiak ikusita. Martin Guridi soinu teknikariarekin ere solastu zen, David Perez Sañudoren Ane filmak Donostiako Zinemaldian Irizar saria irabazi zuenean.

Urteurreneko ospakizun guztietan bezala, honek ere asmatu eta izan du bere ‘irudi oroigarria’. “Zeramikak dira, eta hain harrera ona egin diguten euskal etxe eta lekuei emango diegu; babesle handi izan dugun Teresa de Zavaletari ere egiten diote omenaldia”, esan digu Gabilondok.

10. urteurreneko azken saioa abenduaren 18an izango da, Buenos Airesen, Euskaltzaleak-ek antolatutako urteko azken topaketan. Hori baino lehen beste bi hitzordu ditu zine adituak urtea bukatu aurretik: bihar osteguna, abenduaren 10ean, arratsaldeko 5etan, Koldo Almandoz-en Hubert Le Blonen azken hegaldia -ren inguruan bilduko dira, La Platako Euzko Etxea lagun. Eta abenduaren 13an, iluntzeko 8:30etan, Chivilcoyko Beti Aurreran izango da hitzordua, hautatutako laburmetraia, Borja Cobeagaren Zanahorio.

Euskal Zinema Ibiltaria Facebooken, Cine Vasco Itinerante



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia