euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Balantze baikorra egin du Eusketxek kide eta ezagunen artean jadanik banatu duen 2006. urteko txostenean

2007/03/29

Egoitza berrira egokitea eta Arte Galeria berriro irekitzea mugarriak izan dira Eusketxerentzat 2006. urteari dagokion txostenean adierazten denez
Egoitza berrira egokitea eta Arte Galeria berriro irekitzea mugarriak izan dira Eusketxerentzat 2006. urteari dagokion txostenean adierazten denez

PUBLIZITATEA

Eusko Kultur Etxeak 2006an egindako lana jasotzen duen memoria plazaratu du. Buenos Aires-eko elkarteak euskal kultura zabaltzeko egin dituen lanen inguruko balorazio baikorra eginez itxi du egoitza berrira egokitzeak markatu duen iragan urtea. Ikastaroek eta hitzaldiek bete dute erakundearen egitarauaren tarte nagusia; txostenaren egileek Eusketxe Arte Galeria berriz ere abiarazte azpimarratu nahi izan dute.
Buenos Aireseko Eusko Kultur Etxea-Casa de la Cultura Vasca erakundeak 2006an egindako lanen balantzea helarazi die bere kideei eta ezagunei; balorazio baikorra egin dute erakundeko arduradunek, ongi pasatu baita egoitza berrira moldatzeak ekarritako ondorio eta eragozpen logikoen inpaktoa. Ezin aipatu gabe utzi, entitateak Mexiko 1880an partaide eta lankide dituen Ekin argitaletxearekin eta baita Euskaltzaleak euskara irakasteko erakundearekin sortutako 'sinergiak eta indar metatze handi eta aberatsa'. Eusketxe egoera honekin pozik azaldu da, hiruren arteko harremana 'hain sendo ikusirik'.

Plazaratu den txostenean Eusketxeko arduradunek elkartearen lan esparruak azaldu eta deskribatzen dituzte, joan den urtean alor horietako bakoitzean buruturiko jarduera nabarmenenak aipatuz. Besteak beste, eginkizunen artean aipatzen dituzte beste erakundeekiko harremanak, euskal etxeei euren kultur beharretan laguntza emateko zerbitzua edota ikertzaile, komunikabide zein banakoei euskal gaiei buruzko informazioa emateko ardura. Lana ez ezik, ordea, ekimen guztien inguruko informazioa zabaltzea ere garrantzitsua da; horretan dihardu InfoEusketxe buletin elektronikoa, 2.500 bat pertsona harpidedun. Azkeneko puntu honi gehitu behar zaizkio hedabideekin izan diren harremanak.

Glotodidaktika ikastaroa eta Omenaldia Niko Iguaini

Iaz Eusko Kultur Etxeak antolaturiko ikastaro zein lantegiei buruzko berri zehatz biltzen du txostenak. Ikastaro eta tailerretan jorraturiko gaiak dira dantza, literatura, euskara irakasteko teknikak, eta gehiago, zerrenda luzea osatu arte. Aipagarria tailer gehienek izan duten partehartze maila. Bereziki jendetsuak izan dira Aitor Alavak gidaturiko euskal dantzen ikastaldia eta Euskal Kulturarako Sarrera gisa Mariana Fernández Castellik dinamizatutako mintegia, biek ere hogeita hamar pertsonatik gorako taldea partaide. Kopuruari baino intzidentziari begira euskara irakasleei zuzenduriko glotodidaktika kurtsoa garrantzitsutzat jo dute txostenaren idazleek, hamar irakasle bildu baitziren euren jakintza handitu eta sakondu asmoz, gerora gure hizkuntzaren zabalkundea are tresna hobeaz egin ahal izateko.

Baina 2006 urtea ikaste arautu hutsa baino gehiago izan da eta Eusketxeak kulturaren alde ludiko eta sozialei ere erreparatu die. Arlo honetan, esaterako, San Fermin jaia ospatzeko aukera izan zuten Buenos Aireseko euskaldunek afari, joko, dantza eta abarrek osatutako deialdi batekin. Erakundearen sortzailea Niko Iguain Azurza zena gogoratzeko parada hartu zen Maiatzaren 19an egindako ekitaldian, non euskararen egoeraren inguruko hitzaldia entzun baitzuten bertara joandakoek. Irailean ospaturiko Eusko Kultur Etxearen 18. urteurrenak ere lerro batzuk jaso ditu urtea laburbiltzen duen izkribuan.

Hitzaldiak ardatz eta Arte Plastikoaren lekua

Hitzaldiak dira Niko Iguainek sortu zuen erakundeak euskal gaien zabalkuntzarako erabiltzen dituen tresna nagusia. Mota askotakoak izanda ere bi gai nagusi jorratu dira: euskal kultura eta Euskal Herriko momentuko egoera politikoa. Lehenengoari dagokionez bi izan ziren mitologiari buruzko hizketaldiak Joseba Arreguiren ‘Mitologia Vasca’ eta Luis Maria Etcheverry-ren ‘La Mitologia Vasca. En busca de la tradición viva’.

Arte Plastikoak ere sartzen dira Eusko Kultur Etxearen dimentsioan eta argi utzi zuen hori erakundeak 2006an arte galeria berrireki zuenean. Egoitza berriaren barruan kokatu dute Eusketxe Arte Galeria deitu duten espazioa. Erabaki honekin egungo zuzendaritzak Nikomedes Iguainek ezarritako helburuak jaso eta arteari ateak ireki dizkiote. Garai berriari Javier Duarteren lanek eman zioten ongi etorria, margolariak Mexiko Kaleko egoitzan 25 akuarela izan zituelarik ikusgai.


Lotura interesgarriak

Euskaltzaleak, Eusketxeren egoitza kideak
www.euskaltzaleak.org.ar

Javier Duarteren akuarelak Eusketxe Arte galerian
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko abenduaren 29an

Eusko Kultur Etxeak euskal literatura ezagutzeko ikastaroa burutu du
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko abenduaren 15ean

Ehun pertsona baino gehiagok Eusketxeren 18. urtemuga ospatu dute
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko urriaren 5ean

Ekimen anitzek betetzen dute Eusketxeren agenda
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko abuztuaren 25ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia