euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bakezaleek eta artistek hitzordua dute Saran, Lapurdin, urriaren 6tik 13ra eginen den Bakearen II. Jaialdian

2007/08/31

Bakearen jaialdiaren aurreko edizioa 2005. urtean izan zen (argazkia FestiPaix)
Bakearen jaialdiaren aurreko edizioa 2005. urtean izan zen (argazkia FestiPaix)

PUBLIZITATEA

Jaialdiaren helburua bakeari buruzko hausnarketa bultzatzea da, horretarako bai komunikabideak eta baita artista garaikideen lanak ere baliatuz. Asmo horrekin Bakearen II Jaialdi Europarrak hitzordua egin du Saran 130 musikari, margolari, zizelkari eta poetekin. Aste osoan zehar sortzaile hauek bakearen eskabideari boza, musika eta irudia emanen diote. Roger Etchegaray kardinala izanen da jaialdiaren ohorezko lehendakaria. Etchegaray Ezpeletan jaioa da eta bakearen aldeko ekimen ugari bultzatu ditu, Vatikanoko enbaxadore gisa Irak eta Palestina bezalako lurraldeetan.
2007ko Bakearen Hitzorduak (FestiPaix, frantsesez) bigarren edizioa ukanen du aurten Saran, 'Bakea marraztu eta Bake desioak zizelkatu...' leloz eta asmoz, Bakea Bai elkarteko antolatzaileek azaldu dutenez. Argitxu Noblia lapurtarra da ekimenaren bultzatzaileetako bat eta EuskalKultura.com-i azaldu dionez topaketa honen asmoa Bakeari protagonismoa ematea da, komunikabide eta artisten lanen bitartez. Hori lortzeko urriaren 6tik 13ra Sarako Lur Berri aretoan ikusgai izango dira ehundik gora artelan: eskultura, margo, argazki, poema...; beti ere bakea ardatz hartuta.

Topaketak kontzertu, lantegi, dantza eta erakustaldi egitarau mardula prestatu du. Ohorezko lehendakari postuan Roger Etchegaray kardinala izango du ekimenak eta Elie Wiesel idazle eta Bakearen Nobel saridunak babesa eman dio, nahiz eta bera ezin izango den Euskal Herrira etorri. Etchegaray Aita Santuaren Justizia eta Bakearen Kontseiluko presidentea da eta urtetan lan handia egin du Vatikanoko enbaxadore gisa Palestina, Bosnia, Kuba, Txina, Chiapas eta Irak bezalako herrialdeetan.

Egitaraua

Jaialdia urriaren 6ean, larunbata, hasiko da arlo desberdinetako artistek eman dituzten artelanen aurkezpenarekin. Ekitaldian Roger Etchegaray kardinala eta Sarako auzapez Jean Aniotzbehere izango dira, besteak beste. Arratsaldean haurrentzako margo tailerra egingo dute eta ilunabarrean Quinte Flush rock taldeak kontzertua eskainiko du frontoian.

Igandean Christine Marsanek mintzaldia eskainiko du 'Einsteinetik Gandhira, Bakearen konplexutasuna' izenburuarekin. Arratsaldean Bilibotza koralak emanaldia eskainiko du Nelly Guillemsans-Nobliarekin batera Sarako elizan eta jarraian Pesa Motena taldeak perkusio eta dantza afrikarren erakustaldia eskainiko du frontoian. Urriaren 9an, asteartea, bisitariek Aikido erakustaldi bat ikusi ahal izango dute goizez eta gauean Noktaki taldearen kontzertuarekin gozatu.

Asteazkenean Mme. Raja Kausalyadevik meditazioari buruzko mintzaldia eskainiko du eta ostegunean Aci Gasconha koralaren kontzertua izango da entzungai elizan. Ostiralean Jean François Larraldek 'Hiru bake kantu, XX. mendeko euskal arte abangoardian' izenburudun mintzaldia eskainiko du. Larraldek Oteizak Londonen egin zuen 'Preso politiko ezezagunari omenaldia' eta Chillidak Gernikan duen 'Aitaren Etxea' lanak izango ditu hizpide, besteak beste.

Bukatzeko larunbatean Sarako auzapezak 'Xareta, bakearen bidea' izeneko harria inauguratuko du herriko leizezuloan. Arratsaldez Urrezko Usoa eta Xareta Sari Europarra emango dituzte erakusketan parte hartu duten artelanen artean aukeratutakoei eta jaialdiari bukaera emanaz Art-Vagues taldeak perkusio eta dantza emanaldia eskainiko du.


Lotura interesgarriak

Bakearen Jaialdia 2007
Bakea Bai elkartearen web gunean

Roger Etchegaray kardinalak UNESCOren Bakearen saria jaso du
EuskalKultura.com-en argitaratua 2004ko apirilaren 2an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia