euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kaliforniako Bakersfield-etik Estatu Batuetako euskal-amerikar udako kronika, Martin Etxamendiren eskutik

2012/06/29

Bakersfield-eko dantzari gazteatxoak zoin erneak! (argazkia ME-EuskalKultura.com))
Bakersfield-eko dantzari gazteatxoak zoin erneak! (argazkia ME-EuskalKultura.com))

PUBLIZITATEA

Estatu Batuetan, bertako euskal komunitateak gogor segitzen du euskal piknik eta besten sasoinarekin. Urtero ematen dugu gehiago ala gutxiago horien berri eta halaxe egin genuen aurten ere, Kaliforniako Fresnon 2012ko piknik euskal-iparamerikarren aldia estreinatu zenean. Datorren astean Nevadako Elkon egingo den bertako Festa Nazionala eta aldi berean NABO Biltzarrarekin jasoko du seguruenik bere gailurra aurtengo programak, ondotik hitzordu garrantzitsuak izango badira ere hainbat lekutan. Irakurtzen ari zaren testu honetan, ordea, atzera egingo dugu pixkat, Bakersfield-etik idazten digun Martin Etchamendy lagunaren eskutik. Baionako Herria astekariarekin partekatzen dugun kronikan, Ezterenzubiko lagun amerikanoaren lekukotasuna bildu dugu, egileak berak erabilitako baxenafarrera errespetatuz.

Martin Etxamendi/Bakersfield, AEB. Negu idor baten ondotik, primadera pollit bat atera zaiku eta orai Kaliforniako iduzki ederra bazterren berotzen hasia zaiku. Gure denbora ederretaz baliatuz, Euskal Piknikak ere abiatuak dira, dantzari, musikari eta makilarien beztimenak beren altxa lekuetarik ateraiak dira eta plazetan agertuak. Uda huntan izanen dute nun ibil. Maiatzeko lehen asteondarrean izan zen Fresnoko piknika, gero 19an ibiakoitzarekin Los Bañosekoa eta (hilabete bereko) azken asteondarrean Bakersfieldekoa.

Lehen bi piknikak ez ditut atzeman ahal izan, dela komunione, dela eztei, beti zerbait baginduen eta denetarat ezin hel! “Zer makurra, besta guzietarat ezin hel!” erranen zaukun gure aitak. Bakersfieldekoa ez ginduen hutsegitekoa eta zinez balio zuen hemen izaitea, gaitzeko haroan iragan baititugu ibiakoitza eta igandea.

Ibiakoitzean goizetik haste jendea bildua zen museko xapelketara. Gure Euskal Etxeko sala muslariz betexea zen. Gaitzeko seriostasunean arizanak dira. Ainitzak urrunetik jinak ziren. Arratsaldean aldiz gure ezkerparetak bazuen arrakasta gaitza. Lehenik emazteak paletan ikusi ditugu, ondotik mutiko gaztetxoak esku huska. Azkenik Euskal Herritik etorritako lau pilotari xapeldun. Bakotxak bere heinean jokaturik, denak loriaturik atxiki gaituzte. Erran gabe doa xapeldunek gaitzeko partida egin dutela, bainan denek ere txaloak ukan dituzte.

Igandea aldiz hasi dugu meza kantatu eder batekin, Euskal Etxeko zuhaitz handien itzalaz baliatuz. Gaitzeko jendea bildu da eta balio zuen biltzea, ikusteko zer errespetuarekin eginak izan diren denak, gure klika aitzinean, dantzari taldeak ondotik, denak gaitzeko ordenan ibili baitira. Graig gure apez amerikanoa loriatua zen gure kulturaren fruitua hoin ederki ikusiz.

Gero bildoski bazkari on baten ondotik, plaza bete jende bildu zaiku gure bestan parte hartzera. Berriz ere plazan sartzea biziki ederra izan da. Amerikano bandera eta ikurriña, biak agurtuak izan dira biziki errespeturekin. Handik aitzina, dantzari eta musikari zernahi izan da eta jendea loriatua atxiki dute, zonbait txalo ere biltzen zituztela. Zinez atsegin da ikustea gure gazteria eder hunek zer atxikimendua erakusten duen euskal kulturari. Haur gaztetarik haste, mutiko eta neska beren biziko primaderarat helduak ere berdin, denek beren aurpegian erakusten dute beren erroez ohoretan daudela. Zinez ez du guti balio! Iduritzen zaut geroari buruz horrek beren nortasuna azkartzen diotela. Itsasoaren alde huntan dugun “Zortzigarren probintzia” ez dela ahultzerat abiatua. Milesker deneri.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia