Mattin Etxamendi / Bakersfield, Kalifornia, AEB. . Biziki ainitz desertu bazen eta horietarik zerbaiten ateratzeko abereak behar ziren, zela behi edo ardi. Zonbait konpainia haundi hasi ziren abere ekartzen ahal zuten lekuetarik eta nola denbora hartan emigranteak nun nahitik heldu ziren lan bila, abere zaintzan ari nahi zuenak lana errexki harrapatzen zuen, zela artzain edo unai.
Lehenbiziko pionier hetarik ainitzak beren abereekin bizitzen ziren, aste baten gainean beren arropa eta jateko zonbait hartu eta iluntzen zen lekuan ardilarru zonbait asto pildatzeko ibiltzen zutenak lurrean hedatu eta, zerua aterbe, zeruko izarreri begira lo egiten zuten.
Garai hartan hasi ziren ere konpainia haundiak Kaliforniaraino heltzen eta heiek gaitzeko abere andanak ekartzen zituzten, etzezazketen berek zain eta izanik ere emigrante ainitz, heldu zirenak bazter guzietarik, eta jende mota desberdinetarik, artzaintzan ez omen ziren ainitz denbora egoiten, desertuko bizia bakartasunean ez baititake denendako egina.
Lehen euskal artzainak
Orduan ikusiko dira lehenbiziko euskal artzainak Kalifornia hegoaldean, lehenbiziko artalde haundiak agertuko direlarik konpainia haundiek ekarririk. Lehenik zonbait denboraz nausi heiendako lanean arizan eta urte guti barne beren artalde ttipi batzurekin hasten ziren, nihun ere biltzeko lekurik gabe, asto gainean puska beharrenetarik zonbait ezarri eta gertatzen dena gerta! Jo aitzina!
Gisa hortan gaitzeko artaldeak muntatu zituzten denbora guti barne. Garai hartako paper zahar batzuren arabera, hola ikusten da: 1865ean Kalifornian ba omen ziren 600.000 ardi eta handik 14 urteren buruan, 1879an, 3.500.000 ardi.
Kaliforniako itsas bazterretarik hasi eta Nevadako desertuetaraino bazter guzietan artaldeak ba omen ziren. Baditaike batzu bertzen artean kalapita zonbait ere gertatzen zela! Ez da harritzeko gure haur denborako oseba eta aitatxi batzuk hainbeste artzaintzako ixtorio kondatzen baitzituzten. Bazuketen, ba, ikusirik ordoki bezainbat malda! Beren gaztaroa etzuketen, ez, bestan higatua!
Desertuko artzaintza
Juan gaiten berriz Bakersfield alderat edo Kalifornia erditsutara, hea gure artzaintza zertan den, gorago aipatu dugun garai hartarik orai arte. Geroztik ere ainitz urtez inguru hotan ainitz ardi izan da, bixtan da goraldi harek egin zuen bere aldia, bainan berriki artio artzaintzak gaitzeko lekua atxiki du. Horrentzat badira arrazoin batzu.
Lehenik behar da erran inguru hotako ardi alhalekuak arras onak direla, desertuko bazkak ainitz iruzki ikusten baitu, biziki azkurri azkarra ukaiten du eta hemengo bildotsak gaitzeko arrakasta badu, biziki sanoak izaiten baitira. Bainan hara! Hemen ere ardia gutitzen ari zaiku, Ipar Amerikako bertze ainitz lekutan bezala.
Lehen libre ziren lurralde zonbait laborantxa aberats batek hartuak ditu, beste zati batzuk hiriek, hemen gaindi jendea biziki emendatzen ari baita, eta gero ta gehiago jateko eta ur behar baita denendako. Gaur egun ardi gutiago bada ere, diren hek ainitzak euskaldunen eskuetan dira, beste ainitzek ardiak utzirik ere euskaldunek ez dute aise amore emaiten. Nahiz zonbaitek adinak bortxaturik utzi behar izan dituzten. Nehor ez baita betiko!
Ainitz urtez mendebaldeko ekonomian ardiak leku haundia ukana du, bereziki ilearen beharra bazelarik, hemengo agintariek sustatzen zituzten artzainak beren artaldeak azkar atxik zitzaten, ilea eta haragia biak arras beharrezkoak baitziren. Ipar Amerikak ukan duen ardi alderik gorena undarreko munduko gerla denboran ukan du, 1943an ba omen ziren 46.000.000 ardi Ipar Amerika guzian. Orduan ere artzaina norbait zen, ez da harritzeko jendartean untsa ikusia eta ezagutua baitzen.
Artzainen Piknikak
Hola hasi ziren artzainen piknika baten egiten, primaderako bildotsak juan zirelarik, eta artaldeak desertu edo mendietarat igorriak, lanak ttipituak baitziren. Ekainaren azken aste-undarrean rantxo haundi batean gaitzeko besta muntatu zuten 1937an. Ardi nausiek bildotsak eman zituzten eta harizpe haundi batean elgartu ziren artzain, rantxero, sheriffak eta bertze herriko jende ainitz. Denak artzainek gomitaturik.
Geroztik orai artio urte oroz piknika hori atxiki dugu, ez beti leku berean, zonbait urtez uharka pollit baten bazterrean egin izan da, gaitzeko jende aldea biltzen zutela.
Azken urte hautan Euskal Etxean egina izan da. Bainan aurten jende guti bildu zaiku. Lauetan hogoi urtez nehoiz hutsegin gabe atxikia izan den piknika buruz beheiti ote daie? Ez dakit! Denbora batean Artzainen Piknikak deitzen ziren besta hoiek. Amerikar ainitzek Euskal Piknikak gisa ikusten zituzten. Ardiak eta Euskaldunak elgarri lotuak zirela iduri baitzuten, bat aipatzean bertzea ere han baitzen.
Gero, berantago, abiatu ziren Euskal Piknikak inguru hotako estadu zenbaitetan. Beren musika eta dantzari taldeekin gaitzeko arrakasta bildua dute eta gazteriak elgarretarazten dituzte. Erran nezake gaur egun egiten diren Euskal Piknik edo Euskal Kulturaren Besta paregabeak garai batean harizpe heietan ospatzen ziren besta ttipi heien haurrideak direla. Izena da poxi bat aldatua eta orduko landareak haunditu dira.
Orduko aitatxi eta amatxi hek juan ziren beren aldia eginik, bainan heien historia ez da ahanztekotan, ondokotasun eder bat utzi daukute. Mendebaldeko desertuetan deusetarik zerbaiten egiten erakutsi daukute eta euskal artzainaren fama ona hedatu zuten. Gaur heien haurren haurrak nortasun azkar baten jabe dire. Ez daiteke ahantz noizbaiteko artalde maite hek ekarrarazi gaituztela munduaren parte huntarat ! Milesker bero bat merexi dute. Agur !