euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bakersfield-eko California State Unibertsitateak Euskal Ikasketa Batzarra egingo du maiatzaren 28an

2010/05/20

Christine Echeverria Bender, garai hartako arropez jantzita, azalduz Boiseko Euskal Museoko bisitariei euskal arrantzale eta baleazaleen historia (argazkia EuskalKultura.com)
Christine Echeverria Bender, garai hartako arropez jantzita, azalduz Boiseko Euskal Museoko bisitariei euskal arrantzale eta baleazaleen historia (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Kaliforniako Bakersfield-en egoitza duen California State University (CSUB) delako unibertsitateak 'Basque Studies Symposium Bakersfield 2010' delako batzarra antolatu du datorren asteko ostiralean, maiatzaren 28an, egiteko, goi ikastetxe horretako euskal irakasle eta euskaltzale talde bat eragile. Aurreko urteetan finkatutako ildoari jarraiki antolatua, aurten egun bakarreko hitzordua izango da eta aukera emango du Bakersfield bertako Steve Bass eta George Ansolabeherek Kern County-ko euskal presentziari buruz egin duten ikerlana aurkez dezaten; eta eleberri historikoak idazten dituen Christine Echeverria Bender-ek orain artean idatzi dituen euskal testuinguruko hiru nobelak girotzearren egindako ikerketa eta dokumentazio lanetan murgildu eta euskal marinelen eta Ipar Ameriketako leinu indioen arteko harremanak aipa ditzan, egun Quebec eta Kanadako parte diren eremuetan gertatutako euskal istorioak azalduz.

Bakersfield, Estatu Batuak. CSUBek antolatutako Euskal Simposiumaren edizio berria maiatzaren 28an gauzatuko da. Egun horretan, arratsaldeko bostetan, Steve Brass eta George Ansolabeherek bertako Kern County Basque Club euskal etxea lagun garatu duten Bakersfield eta inguruko euskal presentziari buruzko ikerlana aurkeztuko dute, Basques in Kern County: 1870 to 1940 izenburupean [oharra: euskal presentzia goiztiarra izan zuen Bakersfield Kern konderriko hiriburua]. Euskaldunak, izan ere, bertan ezarri ziren europar jatorriko lehenengo komunitateen artean aipa daitezke, eta aurretik bide urratzaile izan diren beste lan batzuen segida hartu eta sakontze lana egin du datorren astean jendaurretuko den ikerketa honek. Lanak aztergai hartu duen denbora-tarteari dagokionez, 1870 hartzen du abiapuntu, inguru honetako kaliforniarrentzat aski zaharra den data, urte hartan Bakersfield hiriak urtebete baizik ez baitzeukan. (Simposiumari buruzko albistea, ingelesez, John Ysursak kudeatzen duen Nabasque.org webgunean)

-Basques in the Americas, from 1492 to 1850: A Chronology
(Steve Bass egile, pdf: ikuspegi orokor bat)
-
Basque Capital and the Settlement of the Southwestern United States
(Steve Bass egile, pdf)

Ondotik, eta arratsaldeko 6:15etan, Christine Echeverria Bender idazlea mintzatuko da. Hiru eleberri historikoren egile da --Challenge the Wind, Sails of Fortune eta The Waler's Forge-- euskal jatorria Bizkaiko Lekeition duen emakume gazte euskalamerikar hau, hiruak testuinguru euskaldunekoak eta itsas girokoak. Izan ere idazlanok dokumentatzeko han-hemenka egin behar izan zituen ikerketa lanen ildotik, euskal arrantzale eta balezaleak hartuko ditu aintzat Bakerfielden egingo duen hitzaldian; zehatzago, euskal marinelen eta bertako leinu indioen arteko harremanez arituko da, elkarrekiko eraginez alegia, gaur egun Quebec eta Kadanako lurra diren eremuetan.

-http://christinebender.com
(Christine Echeverria Bender-en webgunea)



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia