Bakersfield, Kalifornia, AEB. Ipar Amerikako euskal komunitateetako kideek eta euren lagun eta gonbidatuek euskal kulturaren eta euskaldunen errotzea Estatu Batuetan ospagai hartuko duen festa-asteburu trinkoa ospatuko dute Bakersfield herri kaliforniarrean maiatzaren 24tik 26ra (ostiraletik igandera, baina astelehenean ere hitzordu gehigarria dutela, jai eguna baita Estatu Batuetan), bertako 'Kern County Basque Club' Euskal Etxeak 80 urte eta bere Euskal Bestak 50 urte betetzearen karietara.
Ostiral goizean Biltzar Nagusia egingo du NABOk, eta arratsaldez, CSUB Unibertsitatean, Esti Markezek kantatu eta Bizi Emankorra 2024 sariak emango zaizkie Steve Bass, Jenny Poncetta, Marianne Laxague, Joxe Recondo eta Lourdes Iturriria-ri. Mayi Berterretche Petracek-i, berea irailean emango zaio, Coloradon
2024ko Ipar Amerikako euskal elkarretaratze nagusia izango den honek herrialde osoko euskal komunitateetako kide eta lagunak erakarriko ditu asteburuan Bakersfieldera. baita Euskal Herriko gonbidatu eta partaideak ere, ordezkari publikoak eta Diasporako beste herrialdeko lagunak. Artista eta musikarien alorrean, Esti Markez kantariak hiru emanaldi eskainiko ditu programa barruan, eta dantzaldiak Euskal Etxean, bertan hainbat urtetako lankide duten Luhartz taldeak edertuko ditu bere erritmo animatuekin.
Pilota arloan, lau pilotari gazte gonbidatu dituzte Euskal Herritik —Arkaitz Gabirondo, Arkaitz Eskuza, Ander Murua, and Ander Etxaniz— Euskal Etxeko kantxan aritzeko. Ordezkaritza instituzionalari dagokionez, New Yorketik, Euskadiren Estatu Batuetako Ordezkaritzatik, ordezkaria bera, Unai Telleria, eta Nerea Arrieta teknikaria bilduko dira; eta Euskal Herritik, Gorka Álvarez Aranburu, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria, eta bere bulegoko teknikari Benan Oregi.
Argentinako FEVA Bakersfielden
Diasporako beste herrialdeetatik, iaz NABOko lehendakari Jean Flesher-ek Argentinara, Necochea hirira 2023ko Semana Vasca-n parte hartzeko egin zuen bidaiaren ordainean, aurten FEVAkoak hartuko dute Argentinako Euskal Astearen AEBko pareko den NABO Convention & Basque Festival honetan, FEVAko lehendakari Asier Iriberri eta lehendakariorde Arantxa Anitua bertaratuz. Etortzekoan zen baita ere aurtengo azaroko Semana Vascako egoitza izango den Bahia Blancako Unión Vasca Euskal Etxeko eta FEVAko diruzain den Iñaki Ederra, baina azken mementuan ez da bidaiatu.
Ostiralean, NABOren Biltzar Nagusia herriko Wool Growers euskal ostatuaren aretoetan egingo da. Gogora dezagun 1947an Maitiatarrek irekitako eta geroztik beti familian egon den Wool Growers-ek esku-aldaketa izen zuela duela bi bat hilabete eta egun Frantxua Camou —orain arte San Frantziskoko Gure Euskal Etxea edo Basque Cultural Center-en jatetxe ezaguneko kudeatzaile arrakastatsu zena— dela bertako nagusi berri, berme paregabea negozioaren etorkizun eta garapenari begira.
Mila esker, Diaspora
Nabarmendutako gehienak bisitari etorriko diren lagunak izango dira, topaketarekin bat egin eta lankide izango direnak, baina ez dezagun ahaztu elkarretaratzeko protagonista nagusiak urtean zehar AEBko, Kanadako eta Saint Pierre eta Mikeluneko euskal etxe eta komunitateetan euskaltasunaren sua atxikitzen duten ehundaka bolondres eta lan-egileak direla, batzuk bertara bilduak, eta batzordeetan, dantza taldeetan, Udalekun, pilota sustatzen, kantu eta bertsoa sustatzen, ikastaroak ematen, musean, sukaldaritza lantzen, zernahi egiten euskal kultura indartzen eta belaunaldi berriei pasatzen euren onena eskaintzen dutenak. Eurak dira arima, eta batzuk, Bakersfieldeko Kern County Basque Club euskal etxekoak, gelditu gabe arituko dira lanean, baita asteburu honetan ere, haritzaren frutua segi dadin ematen eta zabaltzen munduan.
- Irakurri asteburu osoko programa Bakersfieldeko Euskal Etxearen webgunean