euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bakersfield-eko California State Unibertsitateak euskara ikastaroa abiatu du, EEaren laguntzarekin

2012/02/14

Unai Nafarrate arrasatearra de ikastaro berri honetako irakaslea
Unai Nafarrate arrasatearra de ikastaro berri honetako irakaslea

PUBLIZITATEA

Kaliforniako euskal komunitaterik handiena da Barkersfieldekoa, eta, hala ere, urtetan izan du bete ezineko ametsa: California State University-k bertan duen kanpusean euskara eta euskal kultura ikastekak izatea. Aurten, azkenik, ametsa egi bihurtu da, Kern County Basque Club euskal etxearen ezinbesteko laguntzarekin; izan ere, irakaslearen soldata bere gain hartu du elkarteak. 'Basque Language and Culture' izena du ikastaroak eta Unai Nafarrate arrasatearra da irakaslea. Ekimenaren sustatzaile izan den Steven Gamboak dagoeneko eskolatan 24 ikasle dabiltzala agertu dio EuskalKultura.com-i.

Bakersfield, AEB. Bakersfieldeko California State Unibertsitateko Literatura eta Hizkuntza Modernoen saila aurten hasi da lehendabizikoz euskara ikastaroa eskaintzen, bertako euskaldunen aspaldiko ametsa betez. Ikastaro honen barruan ikasleek, oinarrizko euskara ikasteaz gain, euskal literatura, artea, musika eta historia ere ezagutzen hasi ahalko dira. Unai Nafarrate arrasatearra da irakaslea, eta eskolak astelehen eta asteazkenetan ematen dira, 12:20tik 13:50tara.

Ikastaroaren sustatzaileetako bat izan da Unibertsitatean Filosofia irakaslea den Steven Gamboa euskal amerikarra. "Azken urteetan Euskal Ikasketen arloko ekimen asko egin ditugu unibertsitatean: urtero Euskal Ikasketa Sinposio bat egiten dugu, eta 2008an hemen egin zen Euskal Herria Mugaz Gaindi nazioarteko mintegia, adibidez. Baina aurten arte ezin izan diegu gure ikasleei euskara ikastarorik eskaini. Gainera, hezkuntzan izan diren mozketekin, ez zirudien klaseak emateko inor kontratatzeko aukera izango genuenik", azaldu dio Gamboak EuskalKultura.com-i. 

Kern County Basque Club-en babesa

Gauzak horrela, Kern County Basque Club --Bakersfieldeko euskal etxea-- sartu zen jokoan. "Elkarteko kideekin mintzatu nintzen, lankidetza bila", agertu du Gamboak. Esan eta egin. "Unibertsitateak irakasle bisitari postu bat sortu du eta bisa lortzeko gestioak egin ditu. Elkarteak aldiz, irakaslearen soldata eta ostatua hartu ditu bere gain. Lankidetza hitzarmen honen barruan, irakasleak euskal etxean ere euskara klaseak ematen ditu".

Unibertsitateko ikastaroak 24 ikasle ditu dagoeneko, eta horietarik lau bakarrik dira euskal jatorridunak. "Beste guztiak euskal kultura eta hizkuntza ikasteko aukera bikain honek erakarrita etorri dira", gehitu du Stevek. Unai Nafarrate Euskal Filologia eta Literatura lizentziatua da eta iaz antzeko ikastaroa eman zuen Santa Barbarako Kaliforniako Unibertsitatean.

Euskal Ikasketa Sinposioa, maiatzean

CSUB unibertsitateko Euskal Ikasketa programa Basque Studies Consortium delako talde euskal-amerikarraren parte da. Taldeko kide dira beste lau unibertsitateko euskal ikasketa sailak: Boise State University-koa, Nevadako Unibertsitatekoa, Stanford-ekoa eta Santa Barbarako Kaliforniako Unibertsitatekoa. "Aurten Euskal Ikasketa aldizkari akademiko bat argitaratzeko asmoa dugu", adierazi du Gamboak.

Horrez gain, unibertsitatean datozen hilabeteetako euskal hitzorduen artean aipagarria da Euskal Ikasketa Sinposioaren aurtengo edizioa: maiatzaren 25ean izango da, Bakersfield Basque Festival-aren bezperan (maiatzaren 26tik 28ra). Edukin akademikoaz gain, musika ere izango mintegian. "Caroline Phillips kantaria gonbidatu dugu, bere senar Mixel Ducaurekin eta Bidaia taldearekin batera. Caroline Kalifornian jaioa da, nahiz eta orain Iparralden bizi den. Stanforden ere joko dute", iragarri du Gamboak.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia