Chacabuco, Argentina. Aste osoan zehar luzatuko da Buenos Aires probintziako Chacabuco hirian ‘Bakearen eta Gizataldeen Astea’. Bertako Kultur eta Nazioarteko Harremanetako Zuzendaritzak eta Giza Eskubideen Koordinazioa ekimeneko antolatzaile, hiriko gizataldeak, eskolak eta ikasleak dira ekitaldiko partaide eta protagonista.
Osasun egoerara egokituta, Asteko ekintza nagusietako bat Kolektibitateen erakusleihoak dira. Guillermo Larregui Euskal Etxeak ‘Camouflage’ izeneko dendan prestatu zuen berea: bi maniki euskal dantzariz jantzita, Argentinako bandera eta ikurrina, eta euskal chacabucotarrentzat ikurra den Guillermo Larreguiren argazki bat.
[Euskal Etxeko sukaldariek tripakiak prestatu zituzten]
Baina euskal partaidetza ez da hor bukatuko. Astelehenean Eliana Domench, Lucia Igarzabal eta Pablo Pavesa sukaldariek tripakiak bizkaitar erara prestatu zituzten. Janaria, behar handietan bizi den jendeari emango dio Euskal Etxeak hiriko Convidar Chacabuco programa solidarioaren bidez.
Honekin batera, Guillermo Larregui euskal elkarte chacabucotarretik jakinarazi digute aurrez aurreko aktibitateen ‘etenaldi’ honetan hobetze lanak ari direla egiten Euskal Etxearen egoitzan. Gainera dantza klaseek jarraitzen dutela plataforma birtual baten bidez; eta muslariak bai elkartzen direla, ostiraletan eta larunbatetan, behar den baimena duen lokal batean, eta “musuko gardenekin, keinuak egin eta ikusi ahal izateko”, azaldu digu Pablo Pavesak.