euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Baionan amaitu berria den Mugaz Gaindi IV nazioarteko mintegiaren bertsio digitala sarean dagoeneko eskuragarri

2007/10/29

Mintegian parte hartu zuten hizlari batzuk: Jon Ander Ramos, Adrián Blázquez, Claude Mehats, Cedric Cerruti eta Beñat Çuburu-Ithorotz (argazkia EuskoSare)
Mintegian parte hartu zuten hizlari batzuk: Jon Ander Ramos, Adrián Blázquez, Claude Mehats, Cedric Cerruti eta Beñat Çuburu-Ithorotz (argazkia EuskoSare)

PUBLIZITATEA

Ostiralean bukatu zen Baionako Unibertsitatean Euskal Herria Mugaz Gaindi nazioarteko mintegiaren IV. edizioa. Antolatzaileak pozik agertu dira topaketak izan duen erantzunarekin eta ikerlari gazteen ekarpena azpimarratu nahi izan dute. Mintegiak orain bere bertsio digitalari emango dio bide EuskoSareko webgunean eta bertan mundu osoko historialari eta ikertzaileek parte hartu ahal izango dute. Mintegiko ponentziak sarean irakurgai daude jada eta azaroaren 5etik aurrera horiei buruzko eztabaida tartea irekiko dute.
Euskal Herria Mugaz Gaindi Nazioarteko Mintegiaren bultzatzaile den EuskoSareko 'Ikertzaileak' komunitateak balioespen positiboa egin du amaitu berria den aurtengo edizioaz, Beñat Çuburu-Ithorotz antolakuntza batzordekideak EuskalKultura.com-i adierazi dionez. Mintegia joan den ostegun eta ostiralean egin zuten, Baiona eta Uztaritze artean, Lapurdin. Saioak lehen aldiz heldu dira aurten Iparraldera eta Çuburu-Ithorotzen hitzetan 'bertako ikertzaileentzat bultzada garrantzitsua izan da'.

Mintzaldi eta mahainguruz jositako bi egun izan dira eta partehartzaile talde anitza bildu da. Alde batetik Euskal Herritik eta Diasporatik heldutako ikerlari eta adituak. Bestetik, Euskal Herriko Unibertsitateko Historia ikasleak, Diasporako kideak eta emigratuen senitartekoak. Guztira, ehun lagundik gora izan dira mintegitik igaro direnak, euskal emigrazioari buruzko gaietan sakondu asmoz.

Ia-ia zuzenean, internet bidez

Aurten gainera mintegira etorri ezin izan duten lagunek ere ekitaldia ia zuzenean jarraitzeko aukera izan dute, EuskoSareko webgunean argitaratu dituzten laburpen eta elkarrizketen bidez. Jose María Tapiz ikerlariak eta beste kolaboratzaile batzuk hizlariek ponentziak aurkeztu ahala mintzaldien laburpenak jarri dituzte sarean, internet erabiltzaileen eskura. Esperientzia berria izan da eta antolatzaileek esan dutenez gustura agertu dira emaitzarekin, blogak 2000 konexio baino gehiago izan dituelako. Orain topaketak sarean izango du bigarren zatia, Mintegi Birtualarekin.

[Goiko irudian Euskal Herria Mugaz Gaindi IV mintegiaren lehen jardunaldian bildu zen entzulegoaren zati bat (argazkia EuskoSare)]

Interesa duten munduko ikerlari eta zaletuek mintegian aurkeztutako ponentziak EuskoSareren webgunean irakurri ditzakete jada. Gainera bereziki Mintegi Birtualerako gordetako ponentzia berriak ere argitaratu dituzte bertan. Azaroaren 5etik aurrera internet erabiltzaileek testu hauei buruzko galderak, komentarioak edota zuzenketak egin ditzakete, egileekin harremanetan jarriz. Eztabaida foro hau izango da ikerlarian bilgune, hurrengo edizioa arte. Beñat Çuburu-Ithorotzek aurreratu duenez, V. edizioa San Frantziskon izan daiteke, Estatu Batuetan.


Lotura interesgarriak

Mintegiaren bloga
www.euskosare.org

IV. Euskal Herria Mugaz Gaindi mintegiko egitaraua
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urriaren 2an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia