euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Baionako jaien oihartzuna Argentinaraino iritsi da, Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxeak eginiko festa tarteko

2007/08/09

Iparraldeko Euskal etxeko kideak --argazkiaren erdian Carlos Martínez, Cristina Cordara eta  Juan Carlos Ibarrola-- Baionako pesta giroaz gozatzen Buenos Airesen
Iparraldeko Euskal etxeko kideak --argazkiaren erdian Carlos Martínez, Cristina Cordara eta Juan Carlos Ibarrola-- Baionako pesta giroaz gozatzen Buenos Airesen

PUBLIZITATEA

Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxeak bat egin zuen joan den larunbatean Baionako jaiekin. Urtetik urtera gero eta jende gehiago biltzen dute lapurtar hiriburuko jaiek eta, nahiz eta urrun egon, Buenos Aireseko euskaldunek ez zuten pestaz gozatzeko aukera galdu nahi izan. EEko Kultura azpibatzordeko kide Juan Carlos Ibarrolak eman zuen mintzaldiarekin hasi zen jaia eta ondoren, dantza, kanta eta giro aparta izan ziren nagusi Iparraldeko Euskal Etxearen egoitzan.
Baionako Jaiak ospatu zituen joan den larunbatean Iparraldeko Euskal Etxeak. Ekitaldiaren antolatzaileen artean Norma Ríos bazkidea eta Kultura Azpibatzordea zeuden, aspaldion euskal etxean kultur arloan makina bat lan egiten ari direnak. Jaia hasi orduko, Baionako pesten esangura eta historiari buruzko azalpentxo bat eman zuen Juan Carlos Ibarrola bazkideak. Azaldu zuenez, Baionako jaiak 1932 urtean hasi ziren lapurtar hiriburuan, eta urtetik urtera euskal ezaugarriak gehitu zitzaizkion jaiari, gaur egun duen estiloa hartu zuen arte. Bestalde, Ibarrolak herriko 70 peñek jaietan duten garrantzia azpimarratu zuen eta baita familien eta lagunen partehartze handia ere.

Pesta hauen Buenos Aireseko bertsioa euskal etxearen 'quincho' eta frontoian egin zuten, biak ala biak ekitaldirako dotore atonduta. Gauean zehar dantza erakustaldiak egin zituzten --azken hauek gehienak xiberotarrak--, Martin eta Miguel Jacak azaldu eta zuzenduak. Zuberoako kantak izan ziren entzungai eta zezenik ere ez zen falta izan, ez behintzat zapiz eta egurrez egindako 'zezen' panpina bat. [Ezkerreko irudian Iparraldeko Euskal Etxeko kide bat Buenos Aireseko Baionako jaietako 'zezenarekin' elkartearen frontoian]

Aurreko ekitaldietan bezala, menua pintxo sorta ederrarekin osatu zuten. Pintxo afari hauek tradizio bihurtzen ari dira jadanik Iparraldeko Euskal Etxean, eta honakoa ere oso gustura hartu zuen jendeak. Horiez gain, izozkia, ardoa, kalimotxoa eta zurrakapote-a ere izan ziren dastagai. Ibarrolak azaldu zuenez, 'baionesentzat jaiak, kultura, elkarbizitza eta dibertsioa dira'. Horrela bizi izan zuten eguna Buenos Airesen ere, gauerdia arte luzatu zen dantzaldiarekin. [Eskuineko irudian Iparraldeko Euskal Etxearen pestaren afitxea, bazkide eta lagunak jaira deitzeko erabili zena]


Lotura interesgarriak

Baionako jaietako argazki bilduma
www.fetesdebayonne.com

Herri Urrats 2007 Buenos Airesen
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko maiatzaren 17an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia