euskal diaspora eta kultura
2009/03/27
PUBLIZITATEA
Baiona, Lapurdi. Urtean behin ohi bezala, lankide eta kolaboratzaileendako bazkari batez ospatuko dute Herrian, barrura begira, urteurren berria, urteko bilkura egitearekin batera, bihar bertan, Hazparnen. Aurtengo ospakizuna berezia eta biribila izanik, ordea, gehigarri berezi bat plazaratu du joan den asteazkenean Herriak, sortu zenetik izan dituen lau zuzendarien soslaia eta aipua eginez, esan nahi baita Piarres Lafitte, Jean Hiriart-Urruty, Emile Larre eta Janbattit Dirassar-en ekarpenen berri emanez.
Horrekin batera, Herriari buruzko eta hiru mila ale eta urte luze hauetan gertatu direnen hainbat lekukotasun eskaintzen ditu bere orrietan hirumilagarren zenbakiak, tartean baita Diasporakoak ere, hasieratik irakurlego zintzoa izan baitu astekariak, hasteko Ameriketan, baina baita ere Afrikan eta Asian, azken bi tokiotan, bertan misiolari edo misionista ziren euskaldunak gehienbat. Ameriketan ere, euskal komunitaterik handienak izan diren lekuetan, partikularzki Kalifornian, Nevadan, Wyomingen-eta, eta Argentina-Uruguaien.
Herrietako bizitzaren isla, hurbiltasuna ezaugarri
Ipar Euskal Herriko tokiko astekaria izan da hasieratik Herria, eta irakurleekiko eta euskal herriekiko hurbiltasuna izan du ezaugarri, are gehiago berri-emaile eta berriketariak herritarrak eta herrietako desmartxa eta eguneroko bizitzan partaide diren jendeak izan dituelarik. Auzolanean garatutako ekimena baita; euskararentzat, euskal kulturarentzat eta Euskal Herriarentzat amodioz beterik eginikoa.
Orain geroari buruz pentsatzen ari da Herria, hainbat urtez Ipar Euskal Herriko erreferentzia izanik, gaur egun tresna numerikoak, internet eta teknologia berriak gailentzen ari baitira. Gogoeta hori egiten ari den bitartean, bihar, biltzarra egin, kontuak onartu eta bazkari polita eginen dute Herriako lagunek. Zorionak eta anitz urtez!
[Ez da, bestalde, ahaztu behar, 1944ean hasirik, Eskualduna (1887-1944) astekariaren segida hartu zuela Herriak, hats berriz. Aste honetan bertan aditzera emana da, dagoeneko internetez kontsulta daitekeela gure kazetaritzan aitzindarietakoa izan zen astekari garrantzitsu horren bilduma osoa. Helbide horretan bertan harrapa daitezke, digitalizatuta, Euskalzale (1897-1899), Ibaizabal (1902-1903), Napartarra (1911-1919), Argia (1921-1936), Euskarazko egunkariaren lehenengo zenbakia (1929), Euzkadi (1931-1937), El Dia (1930-1936), Amaiur (1931-1936) eta Eguna (1937), Armiarma proiektuaren baitan, azkeneko literatur-emailuak ongi agertzen duenez]
Herriaren ale bat
Lotura interesgarriak
Herria astekariaren aurkezpena EKEren webgunean
www.eke.org/euskara/erabilpen_gida/komunikabideak/herria_astekaria
Zorionak Herriako laguneri eta mila esker zueri aste guziz Euskual Herriko eta mundu guziko euskualdunen berriak gureganatzea gatik
Martin Idiart, 2009/03/28 19:21
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus