Baiona, Lapurdi. Beste urte batez Baionako Bestak leku egokia izan dira agorrilean Frantziako Euskal Etxeetako zuzendari eta arduradunen urteroko bilgune eta besta-giroko batzoki bilakatzeko. Parise, Paue, Bordele, Lyon, Marseilla, Tolosa eta Montpellier-ko euskal etxe eta elkarteetako lehendakari, zuzendari eta ordezkariek hartu dute parte, berrogei pertsona pasexe orotara, joan den larunbatean, aperitifan eta ondorengo senidetasun bazkarian, topaketa baterako leku hauta den Tour de Sault-eko berdegunen.
Larunbata eguzkiz jantzia atera zen eta, Pariseko Euskal Etxeak bere gain antolatzaile lana hartuta, elkarretaratze ederra atera zen, giro paregabean, batekoek eta bestekoek solasean elkar ezagutu eta agurtuz, eguerditik arratsaldeko bostak aldera luzatu zen saioan. EEetako ordezkariekin batera, Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzaren izenean, Manu Meaurio teknikaria bertaratu zen, partaide guztien jantzia, galtza eta ator zuria eta lepoko edo mokanes gorria.
Elkarretaratzearen helburua Frantzisko Euskal Etxeen arteko senidetasuna lantzea da
Honelako euskal ekitaldi batean ezin falta bildutako guztiek elkarrekin kantatutako Agur Jaunak
Lan bikaina egin zuten ekitaldia antolatzen Pariseko Euskal Etxeak, milesker bereziak Arlette Oçafrain eta Maryse Lartigue-ri. Eta bertan, bere gain hartu zuen datorren urteko hitzorduaren antolaketa Paueko Lagunt eta Maita euskal etxeak. Aurtengo saioaren arrakastarako euren lankidetzagatik bereziki aipatu ziren Baionako Auzapezaren Bulegoa (bilkura egin zen lekua aparta utzirik) eta Pierre Oteiza, bere mozkinekin eta bere presentziarekin euskal diasporari eman ohi dion sostengua agerian utzi bitzuen beste behin, baita ekitaldia ongi atera zedin lan egindako guztiak ere.
Frantziako honako euskal etxe eta elkarteak bildu ziren ekitaldira:
- Pariseko Eskual Etxea
- Paueko Lagunt eta Maita
- Bordaleko Euskal Etxea
- Lyoneko Euskal Etxea
- Marseillako Euskal Etxea
- Tolosako Denak Bat
- Montpellier-ko Eskualdunak