Baiona, Lapurdi. Urtean behin elkarrekin lasai bildu eta goxotasunean solastu eta bazkari baten inguruan ordu batzuk ematea harremanak lantzeko egin daitekeen gauzarik sanoenetako bat da. Halaxe ulertu zuten duela urte batzuk Frantziako Euskal Etxeek, eta gaur egun urteroko hitzordu sendotua da Baionako Besten karietara, larunbatarekin, hiriko harresietan, lehenik eguerdiz aperitifa egiteko biltzea, eta ondoren bazkari bat partekatzea aire zabalean, aukera ona bereziki aurtengoan bezala eguraldia lagun delarik.
Ordezkaritza bazegoen Paris, Bordele, Tolosa, Lyon, Montpellier, Marseilla eta Paueko euskal etxe eta elkarteetakoa
Hitzorduaren euskal etxe antolatzailea urtero aldatzen da, eta aurtengoan Paueko Lagun eta Maitako lagunak izan direlarik koordinatzaile, hiriburu biarnesetik etorritako Henriette eta Mayalenen lan ederrarekin. Hogeita hamar jende pasatu bertaratu ziren, euskal etxe ordezkatuak honako zazpiak izanik: Pariseko Euskal Etxea, Bordaleko Eskualdunen Biltzarra, Tolosako Denak Bat, Lyoneko Euskal Etxea, Montpellier-ko Eskualdunak, Marseillako Euskal Etxea eta Paueko Lagunt eta Maita.
San Frantzisko ere bertan
Aurten gonbidatu zituzten baita ere, egunotan Euskal Herrian diren San Frantziskoko bi euskal etxetako hiru ordezkari, hala nola Valerie, Joana eta Daniel Arrechea. Eusko Jaurlaritzatik, Manu Meaurio teknikari bermeotarra ere bertan zen. Guztiek, bazkarian eta bazkalostean, aukera izan zuten ederki bazkaldu eta solas batzuen eta besteen artean euskal kanturen bat kantatzeko betiko molde xaharrean, esaterako Agur Jaunak, Txoria Txori eta Xalbadorren heriotzean kantaturik.
Baionako Udaleko langile eta lagunen politesia da bilkura hau urtero bertan egin ahal izatea
Aperitifa eta bazkaria Hiriburuko Therry Laxaguek prestatu zituen, pintxoak, antxoa marinatuak pikiloekin, mini ratatoille txistorra, Baionako xingarra, ahuntz gazta eta eztiarekin, patata tortilla tipularekin, estebeteak, legatza koxkera, euskal pastiza eta euskal ardi gaxna gerezi beltz marmeladarekin, ardoak, pontxea eta ur sortañoa lagun. Jende giroa ederra, baita aroa ere, aurten Pariseko Olinpiadarengatik zertxobait aurreratu diren Baionako Bestetan, jende gutxiagorekin beraz, eta agian ibiltzeko lasaiago, Iruñeko Sanferminekin batera ospatu baitira aurten hiriburu lapurtarrekoak. Helburu betea.