Baigorriko Donostei eskolako 10 ikasle AEBetan dira euren arbaso immigranteen arrastoen bila
2016/10/11
Donostei eskolako ikasleak San Frantziskora heldu dira (argazkia Arbasoen Ildotik Facebook)
PUBLIZITATEA
Abentura itzela ari dira bizitzen "Arbasoen ildotik" egitasmoko gaztetxoak. San Frantziskora heldu ostean, datozen egunetan Kalifornian eta Nevadan ibiliko dira, euren senitarteko amerikanoen bila. AEBetan dauden bitartean euskal familiekin biziko dira eta bertako euskaldunei elkarrizketak egingo dizkiete. Zalantzarik gabe, sekula ahaztuko ez duten ikasgaia eta esperientzia izango da. Ondo ibili gazteak!
San Frantzisko, AEB. Estatu Batuetara heldu dira dagoeneko "Arbasoen ildotik" egitasmoko ikasle gazteak eta euren irakasleak. Baigorriko Donostei eskolatik datoz eta bidaia hau emigrazioaren ikasgaian sakontzeko eta bizi esperientzia aberasgarri bat izateko asmoz sustatu dute. Donostei eskola pribatu elebiduna da, klaseak euskaraz eta frantsesez ematen dituzte bertan. Euskara zalantzarik gabe, baliagarri izango zaie gaztetxoei AEBetako euskal komunikatearekin harremanetan.
Urte dezente eman dituzte egitasmo hau prestatzen, eta aurrera atera ahal izateko finantziazioa lortzea nekeza izan da. Crowfunding kanpaina, dirua biltzeko makina bat jarduera, salmenta... eskolako patioan kotxeak garbitzen ere aritu dira gazteak eta euren gurasoak. Horrela eskruatu dute AEBetarako hegaldietarako diruaren parte bat.
Bidaiari taldea honako gaztetxoek osatzen dute: Laina Aizpurua, Alaia Arangoits, Maialen Innara, Enaut Gorostiague, Ana Gouffrant, Inaki Hualde, Morgan Labat, Mathias Lallemand, Leatitia Oronos, Pauline Perez, Céline Séméréna eta Viktoria Toro. Eurekin batera lau irakasle ere dira proiektuaren parte: Amaia Castorene, Danielle Hirigaray, Xantxo Lekumberry eta Christine Paulerena.
Egonaldian gaztetxoak Kalifornia eta Nevadan barrena ibiliko dira, eta bertako euskaldunekin bilduko dira. Ostatua ere euskal familiekin izango dute, eta elkarrizketak egingo dizkiete hara joandakoei eta euren ondorengoei, emigrazioaren esperientzia testigantza horien bitartez ezagutzeko.
Gaur bertan, esaterako, Bakersfieldeko Wool Growers jatetxean izango dira, eta deialdia egin diete inguruetako euskaldunei bertaratzeko eta euren esperientzien berri emateko. Ekitaldi honi buruzko informazio gehiago, hemen: slobasque@aol.com.
Egitasmoaren eta bidaiaren nondik-norakoen berri, "Arbasoen Ildotik" Facebook orrian.