Buenos Aires, Argentina. Laster beteko dira Argentinan konfinamenduaren lehenengo hiru hilabeteak eta etorkizunari begira ez du ematen egoera berezi hau oraingoz erabat aldatuko denik. Gauzak honela, azken orduetan FEVAk baieztatu egin du Euskara Munduan Programaren 2020ko kronogramako neguko ikastaro trinkoa egin egingo dela, baina oraingoan era birtualean, egoerari egokituta. Ikastaroa urtarrilean adostutako datan gauzatuko da, esan nahi baita uztailaren 18tik 25era, Argentina, Brasil, Txile eta Uruguaiko 35 ikasle partaide.
FEVAko lehendakari Arantxa Anituak EuskalKultura.eus-i azaldu dionez, ekimena Schoology plataforman ostatatuko da eta Argentina bertako adituek egokituko dute, aurrez aurreko ikastaroen ahalik eta antza handiena izan dezan. “Gure ardura arazoei erantzunak ematea da eta FEVAkoak harro gaude aitzindari ari garelako izaten erantzuteko gure modalitatearekin”, jakinarazi digu.
Euskara Munduan programako koordinatzailea den Kinku Zinkunegi arduratuko da ikastaroaz eta irakasleak programan bertan sortu eta hazitakoak izango dira. “Hori ere nahiko nuke azpimarratu: hemen baditugula aukera eta baliabideak hau bezalako egoera bati aurre egiteko”.
Urtarrilean San Nicolaseko Euskal Etxean hasi zen Euskara Munduan lau urteko programaren edizio berriak aurrera jarraituko du, beraz, aldaketarik gabe, kolokan egon zitekeen ikastaroa egin egingo baita, online baina aurrez aurreko barnetegien ereduari jarraituz. “Izan ere, horregatik esker bero bereziak luzatu nahi dizkiet Etxepare Euskal Institutuko lagunei eta bereziki Kinkuri, gure proposamena onartzeagatik. Bolada oso zaila ari gara bizitzen eta mezu lasaigarria helarazi nahi diogu kolektibitateari: egoera gorabehera, guk aurrera jarraituko dugula gure proiektuekin”, baitetsi du Anituak.