Gardnerville-ko (Nevada, AEB) behikirik onena J.T. Basque Bar & Dining Room euskal jatetxean zerbitzatzen dute. Hala deritzote Carson Valley Times kazetako erabiltzaileek, Lekumberrytarren etxea aukeratu baitute, bigarren urtez, 'Beef Wars' edo 'Behikien Guda' txapelketa gastronomikoko irabazle. J.B. Lekumberry sukalde arduradunak, EuskalKultura.com-i aitortu dionez, bi arrazoi nagusirengatik irabazi dute, bere aburuz: "Haragiak ontzen behar beste denbora ematen dugulako eta guk geuk mozten dugulako okela, jatetxean bertan”.
Gardnerville, AEB. Sei hamarkadako historia arrakastatsuaren ostean, eman dezake J.T. Basque Bar & Dining Room-ek ez duela publizitatearen beharrik baina, Marie Louise Lekumberry jabearen hitzetan, “beti da onuragarria mota honetako onespenak jasotzea”. Eta ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, birritan baizik ez baita antolatu norgehiagoka hau, iaz eta aurten, eta bietan bereganatu baitu JTk Carson Valley Times-ek antolatutako sari preziatu hau.
Internet bidez bozkatu zuten kazetako erabiltzaileek eta, antolatzaileek adierazi dutenez, “bozen %48a eraman zuen JT-k”. Julio's Restaurant eta Sharkey's Jackpot Cafe izan ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.
Solomo xerra
Sutan erretako solomo xerra eskaintzen du JT jatetxeak, baratxuriz eskuzabal hornitua zein berakatzik gabe, eta alboan entsalada eta patata frijitu plater bana. Ahal dela, “ardo beltzarekin, jakina”, esan du Marie Louisek. Hori da jatetxean gehien saltzen dutena, eguerdi zein gauetan. “Asko saltzen dugu. Behe-denboraldian gauden arren, astean, 300 kilo inguru saltzen ditugu”, zehaztu du JB-k.
“Esango nuke bi arrazoi nagusirengatik irabazi dugula; alde batetik, haragiak ontzeko behar beste denbora ematen dugulako eta, bestalde, guk geuk mozten dugulako okela, jatetxean bertan. Kalitatea kontrolatzen dugu”, gehitu du sukaldari buruak. Bere emaztearen familiaren Ranch Number 1 arrantxoan ere egiten du lan berak. Aldameneko Genoa herriko arrantxorik zaharrena izatetik datorkio izen hori eta, horrez gain, estatuko herririk zaharrena ere bada Genoa. 1851. urtean sortu zen eta garai berean hasi zen arrantxoa martxan.
Jatetxeko solomo bereziak arrantxo horretatik hartzen dituzte baina, txikia denez -100 behi inguru-, Harris arrantxoari erosten diote gainontzekoa: “Asko gustatzen zait arrantxo hori, antibiotikorik gabe oso lan txukuna egiten dutelako”. Okela arrantxo batekoa zein bestekoa bada ere, gako batean zintzilikatuta 21 egunez ontzeaz gain, jatetxean pixka bat luzexeago ontzen uzten dute. Ez du JB-k egun kopurua zehaztu eta, akaso, hori izango zuen txapela irabazteko giltza.