Macachin, Argentina. Asteburuan konfirmatu du Macachingo Euzko Alkartasuna Euskal Etxeak hartutako “erabaki triste baina arduratsua”. 2020ko Euskal Aste Nazionala, azaroaren 16tik 23ra herri pampatar honetan egin behar zena, bertan behera geratu da. “Erabakia, hala ere, aurtengoa bertan behera uztea da, baina datorren urtera mugituz, urtebete atzeratzea alegia”
Antolatzaile taldeko Tomas Vicentek EuskalKultura.eus-i azaldu dionez, lan handia da Euskal Aste Nazionala antolatzea eta edozein aldaketa arazo bihur daiteke. "Koronabirusagatik sortutako egoera aztertzean, ikusi genuen seguruenik onena aurten ez egitea zela, baina datorren urtera pasatuz, ez genuen antolatzeko aukera galdu. Baina hori datozen urteetako euskal asteen antolatzaileekin adostu behar genuen, eta halaxe egin dugu".
“Horregatik Euzko Alkartasunak esker beroak luzatu nahi dizkie Villa Maria, Necochea eta Tandil hirietako euskal etxeei, 2021eko, 2022ko eta 2023ko euskal aste nazionalen antolatzaileei, egoera ulertu eta gure eskaera onartzeagatik, baita FEVAri ere, bileretan gai honen inguruan eztabaidatzeko denbora emateagatik eta euskal etxeen arteko komunikazioa errazteagatik".
Datozen urteetako Argentinako Euskal Aste Nazionalen kronograma, beraz,honela geratzen dira:
- 2021ean, Macachinen
- 2022an, Villa Marian
- 2023an, Necochean
- 2024an, Tandilen
- 2025ean, Bahia Blancan, eskaera hau egin eta onartu berria du FEVAk
Arrazoiak: Euzko Alkartasunaren jarrera arduratsua
2020a urte bereziki zaila izaten ari da euskal etxeentzat. Euzko Alkartasunaren jarrera eta erabakia arduratsua izan da oso, gogoan hartuta
Batetik, Macachin-en eta oro La Pampa osoan ez dago birusaren kutsatze komunitariorik. “Horregatik asteburu batean milatik gora lagun ekartzea… kasu batzuetan pandemiak jo dituen leku eta hirietatik… arriskutsua zitekeen oso gure komunitatearentzat”.
Bestetik, "urtea oso bitxia izaten ari da eta itxialdia kari euskal etxeek ez dute normaltasunez ibiltzeko eta dirua biltzeko aukera izan, bidaia ordaintzeko-eta… Eta honelakoak ere gogoan hartu behar ditugu, Euskal Astea zerbait bada, komunitatea biltzeko aukera handi bat baita, eta denak nahi ditugu bertako parte”.