euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Baietz taldeak jarri dio musika Kepa Etchandy-ren “Amerikanuak” liburuaren Cordobako aurkezpenari

2014/05/23

Kepa Etchandy argazkilaria Gerora Elkarteko kideek inguratuta
Kepa Etchandy argazkilaria Gerora Elkarteko kideek inguratuta

PUBLIZITATEA

2014ko aktibitateen egitarauari jarraituz Txiki Eguna ospatuko dute Cordobako Gerora Elkarteko lagunek bihar larunbata hiriko Rivadavia Plazan. Umeei zuzendutako proposamena talde cordobatarrak azken bolada honetan burututako ekitaldi zerrendari gehituko zaio. Izan ere, Kepa Etchandy-ren “Amerikanuak” liburuaren aurkezpena eta Gernikako Bonbardaketaren urteurrena ere gogoratu dituzte Gerorakoek, Txotx!-eko dantzariak eta Baietz musika taldea lagun. Honekin batera, instituzioko zuzendaritza berria jakinarazi digute Cordobako elkarteko arduradunek.

Cordoba, Argentina. Irudi bilduma den Amerikanuak liburua aurkezte aldera bira bat egin du Kepa Etchandy argazkilari baionarrak Argentinako zenbait hirietan barrena. Bidaia honen baitan, eta Gerora-k antolatutako ekintza batean, bere lana aurkeztu du artista baionesak Cordobako Casa del Pepino Kultur Etxean. Baietz taldeko musikari eta orain elkarteko lehendakariordea den Noe Fernandez-en esanetan, “aurkezpena baino gehiago hitzaldi bat izan zen, jakinmin handia zuen publiko eta bisitariaren arteko elkarrizketa. Jendeari asko interesatzen zaio ‘amerikanuen’ gaia eta Kepak bere ezagutza konpartitu zuen gurekin”.

Baina argazkiak eta kontakizunak ez ziren arratsaldeko erakargarri bakarra izan. Kultur Gunera bertaratu zirenak Txotx! eta Baietz taldeen dantzaz eta musikaz gozatu ahal izan zuten. Are gehiago, topaketari musika egokiena jartzeko, Iparraldeko errepertorio bat jo zuten Baietz taldeko lagunek.

Gernika Gogoratuz Gerora-n 2004 01

[Cordobako Gerora Elkartearen Gernikako Bonbardaketaren urteurreneko ekitaldia (argazkiakEE)]

Txotx! eta Baietz-en eskutik Gernikako Bonbardaketaren 77. urteurrena ere gogoratu zuen Gerorak. Hitzordua apirilaren 26an bertan izan zen, hiriko Cabildoan, eta antzerkia eta musika uztartu zituen. Etxeko bazkide Maria Luisa Peveraro-k Bonbardaketan oinarritutako performance bat eskaini eta Gerorako Txistu tailerreko ikasleek Gernikako Arbola jo zuten.

Etorkizunari begira, Txiki Eguna egingo dute geroratarrek bihar larunbata, maiatzaren 24a. Aktibitatea Rivadavia Plazan gauzatuko da, ume eta nerabeei zuzenduta. Antolatzaileek azaldu bezala, asmoa da jolasen bidez euskal kulturara erakartzea eta bide batez, TxikiTxotx taldea bultzatzea. Ekintzan Txotx! eta Baietz taldeetako kideek hartuko dute parte, Arantza de Vadilloren ardurapean.

Honekin batera, Cordobak jakinarazi du Txistu Tailerra ostiralero ematen dutela arratsaldeko 5etan Uspallata kaleko 115. zenbakiko egoitzan eta euskara klaseak, oinarrizko  mailakoak, ostiralero ere baina Cordoba izeneko liburutegian, 27 de Abril kaleko 375. Zenbakian, arratsaldeko 5etatik 8etara. Informazio gehiago jasotzeko edota izena emateko, Gerora-ren Facebook kontua ‘Gerora Córdoba’ da eta helbide elektronikoa geroracordoba@gmail.com.

Azkenik, eta instituzioaren estatutuak ezarritakoari jarraituz, Zuzendaritza berria hautatu du Cordobako Gerora Elkarteak. Batzar Orokorrean bozkatu eta adostutakoaren arabera, ondokoak dira batzordeko kideak:

-Lehendakari: Elba Lydia Mocoroa
-Lehendakariorde: Noe Jose Fernandez Brizuela
-Idazkari: Andrea Elisa Arbol
-Idazkariorde: Lucia Ercoreca
-Diruzain: Mercedes Olea
-Diruzainorde: Nestor Adrian Oyarzo

-Batzordekide titularra: Natalia Bohe Aizpiolea
-Batzordekide titularra: Lucia Fernandez Zelarrayan
-Batzordekide titularra: Maria Noemi Armendariz
-Batzordekide ordezkoa: Felipe Zabalza
-Batzordekide ordezkoa: Arantzazu de Vadillo
-Kontu Ikuskatzaile titularra: Ezequiel Arin y Lucas Garrera Hirigoien
-Kontu Ikuskatzaile ordea: María Victoria Sarry



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia