euskal diaspora eta kultura
2012/07/09
PUBLIZITATEA
Cordoba, Argentina. Erantzun ezin hobea lortu zuen Cordobako elkarte gazteak bazkariaren proposamenarekin. Izan ere, ehun bat lagun bertaratu ziren Gaseko Langileen Sindikatuko aretora topaketan parte hartzera. Eguerdian hasita eta arratsaldera arte luzatu zen ekitaldian bi emanaldi artistiko eskaini zizkion Gerorak publikoari. Txotx dantza taldeak bere koreografia eta jantziak luzitu zituen bildutako jendearen aurrean. Baietz taldeko musikariek, berriz, Euskal Herriko soinu tradizionalenak jo zituzten euskal giroa sendotzeko.
[Bazkalostean, Baietz musika taldearen emanaldia eskaini zitzaien gonbidatuei (argazkiaEE)]
Bazkariko menuari dagokionez, gonbidatuek errezeta bereziak dastatu ahal izan zituzten. Hasierako platera, artzai jana, pintxoak eta porru tarta. Bigarrena, legatza saltsa berdean. Postrea, euskal pastela. Aipatzekoa da menua Gerora-ko sukaldaritza taldeak prestatu zuela. Ekintzaren antolakuntza, ostera, etxearen ‘Lagunen Taldearen’ esku egon zen. Ikuskizunez gain, arratsaldean zehar zozketak eta opariak egin ziren. Euskal txoko bat ere ezarri zuten elkarteko kideek. Txokoan irudi, liburu, argazki eta mota askotako testuak jarri ziren ikusgai.
Ekintzen egitaraua
2012ko lehenengo seihilekoan ekintza anitz garatu ziren Uspallata kaleko 115. zenbakian, Geroraren egoitzan alegia, tartean, dantza klaseak, euskara klaseak, helduentzat zein umeentzat. Urtearen bigarren zatian, ordea, nobedade batzuk egongo dira. Egitaraua, honakoa izango da: euskara klaseek eta hilabetean behineko mintza saioek jarraituko dute Elba Mocoroa eta Noe Fernandez ikasleen eskutik. Dantza tailerrek, helduentzat zein umeentzat segituko dute betiko martxarekin.
Eta nobedadeak ez dira gutxi izango abuztuan, euskara, dantza eta gastronomiaren arloan. Euskaldunen hizkuntza ezagutarazteko, lau asteko oinarrizko mailako euskara ikastaro bat emango dute Gerorakoek. Dantza kurtso berriak ere hasiko da datorren hilabetean. Hasiberrientzako klaseetan lehenengo pausoak egiten ikasiko dute. Abuztuan ere ‘Sutondo’ izeneko sukaldaritza taldeak berriro ekingo die topaketei. Eta Asier Artolaren ardurapean, Euskal Herriko historiari buruzko mintegi bat eskainiko zaio komunitate osoari abuztuaren lehenengo astetik hasita, larunbatero.
-Informazio gehiago jasotzeko, jo geroracordoba@gmail.com helbidera
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus