euskal diaspora eta kultura
2011/06/13
PUBLIZITATEA
Arrecifes, Argentina. Egun osoko egitaraua aurkeztu ekainaren 4an Baietz Taldea osatzen duten musikariek, Fernando Zabalza, Franco Seghesso, Noe Fernandez, Agustin Alonso eta Gaspar Jaurenak, Euskaldunak Denak Bat euskal etxean.
Larunbat goizean, hitzaldi didaktiko baten barnean, gai hauek hartu zituzten mintzagai adituok: euskal tresnen sorrera (lekuak eta prozedura); euskal flautak; albokaren sorrera, arnasa eta abesti tradizionalak; txalapartaren sorrera eta sagardo ekoizpenarekin duen harremana; eta euskal tresnen eta dantzen artean dauden loturak.
[Larunbat goizean hitzaldi didaktikoa eman zuten Baietz-eko musikariek (argazkia EE)]
Tresnei buruzko tailerrak
Baina azalpen teorikoak topaketaren zati txiki bat baino ez ziren izan. Goizeko klasea bukatu eta lagunen arteko bazkaria partekatu ondoren, euskal etxeko egoitzara hurbil ziren lagunek -- tartean herriko eskoletako musika ikasle eta irakasleek -- euskal tresnak jotzeko aukera ere izan zuten.
[Interes handia piztu zuten Euskal Herriko tresna tradizionalek Arrecifeseko lagunen artean (argazkia EE)]
Lau tailer eman zituzten Baietz-eko musikariek aldi berean, hain zuzen ere flauta, pandero, txalaparta eta albokari buruzkoak; eta publikoak, taldeka, irakasle bakoitzaren aholku eta oharrak jarraitu zituen Euskal Herriko musika tresnei soinuak ateratzeko.
[Euskal etxeko kideek tresnak jotzeko aukera ere izan zuten (argazkia EE)]
Kontzertua euskaraz
Eta eskola teoriokoez landa, musikarekin hasi zen eguna musikarekin bukatu zen Arrecifesen. Errepertorio oparo baino oparoagoa oparitu zion Baietz-ek Euskaldunak Denak Bat euskal etxera bildu zen jendeari eta horren truke txalo zaparrada jaso zuten Cordobako gazteek. “Etxekook eta batez ere gure inguruan normalean ez dabiltzanak liluratu ziren Baietz-en musikarekin”, azaldu dio Laura Nobilek EuskalKultura.com-i. “Luxu handiko ikuskizuna izan dela eta mutilen profesionaltasuna aipatzekoa dela azpimarratu dute gonbidatu guztiek”, adierazi du Nobilek.
[Euskal etxeko kideak Baietz taldeko musikariekin (argazkia EE)]
Arrecifeserako bisita bukatzeko, Baietz-eko kideek igande osoa igaro zuten Euskaldunak Denak Bat euskal etxean giro bikain eta informalean, kartetan jokatzen, musika joz eta, nola ez, Argentinan hain tipikoa den erreki bat dastatzen.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus