euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bahia Blancako Union Vascako Otxoteak erakundearen Aberri Eguneko festa edertuko du bere kantuekin

2016/03/14

Union Vascako Otxotea 'Gu, nosotros' ikuskizunean
Union Vascako Otxotea 'Gu, nosotros' ikuskizunean

PUBLIZITATEA

Euskarazko zein gaztelaniazko errepertorioa eskaintzen du Bahia Blancako Euskal Etxearen baitan sortutako Otxoteak, ohiko kantuak, taberna kantu herrikoiak. Taldeak bi helburu argi ditu: Euskal Etxearen ekitaldiak alaitzea, eta batez ere, ondo pasatzea Euskal Herriko abesti ezagunenak kantatzen. Eta bistan da aukerarik ez zaiola faltako apirilaren 3an Aberri Eguneko bazkarian arituko den taldeari.

Bahia Blanca, Argentina. 2015eko martxoan eta Juan Manuel Iriarteren zuzendaritzapean elkartu ziren Union Vasca Elkarteko Martin Rieti, Alejandro Arroyo, Eduardo Lopez, Hugo Caponi, Gabriel Videgaray, Iñaki Ederra, Javier Ederra, Andoni Irazusta eta Juan Manuel Lopetegui kideak Euskal Etxeko Otxotea osatzeko.

Behin hasita, astero entseatzen dute zortzi mutilek, beti ere Euskal Etxeak antolatzen dituen ekitaldiei begira. “Erakundearen urteko aktibitate programaren arabera prestatzen ditugu emanaldiak” azaldu dio Otxotearen kide den Juan Manuel Lopeteguik EuskalKultura.com-i. “Urteurrenak, herri jaiak bai Euskal Herrikoak bai hemengoak, ikuskizunak… horrek markatzen digu nolakoak izango diren gure saioak”. Kantatzen dituzten kantuen artean, Ikusi Mendizaleak, Guk Euskaraz, Boga Boga, Ixil Ixilik, Hator Hator eta beste hainbat kantu herrikoi. “Badira euskal etxean betidanik abestu direnak, eta baita guk geuk proposatutakoak ere”, azaldu digu Lopeteguik.

Urtebete baino ez duen taldeak goi mailako ekitaldi batean parte hartzeko aukera izan zuen iaz, Euskal Etxeko dantzarien eskutik. Beti Aurrera taldeak sortutako ‘Gu, Nosotros’ ikuskizunean euskal potpourri bat eskaini baitzuen Otxoteak, tartean Ikusi Mendizaleak hunkigarri bat, euskal etxeko txikienek lagunduta.

2016ari dagokionez, taldearen lehenengo konpromisoa urtarrilaren 29an izan zen, Union Vascaren 117. urteurren festan. Bigarrena, berriz, berehala dator, apirilaren 3an, erakundearen Aberri Eguneko bazkarian.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia