euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bahia Blancako Union Vascako euskara ikasle eta irakasleek ‘Irrati Kontuak’ estreinatu dute, euskaraz eta Interneten

2021/05/05

Podcast tankera hartzen du Bahia Blancako 'Irrati Kontuak' saioak
Podcast tankera hartzen du Bahia Blancako 'Irrati Kontuak' saioak

PUBLIZITATEA

Bahia Blanca, Argentina . Euskal Etxeko euskara taldeak ‘Irrati Kontuak’ irratsaioa estreinatu du. Saioa euskaraz da, Podcast tankera hartzen du eta mota askotako gaiak jorratzen ditu, tartean eguraldia, euskara, etxeko sukaldaritza eta erremedioak, telesail gomendioak, horoskopoa eta iragarpenak. Jolasak ere proposatzen dituzte eta parte hartzeko Euskal Etxearen sareetan sartu behar da. ‘Irrati Kontuak’ hilabetero plazaratzen da eta aurtengo azkena abendu hasieran egingo dute Euskararen Eguneko ospakizunen baitan. Apirilekoa hemen entzun daiteke eta baita Euskal Etxearen berri buletinean eta sareetan ere.

“Irrati Kontuak hizkuntza lantzeko eta gustatzen zaizkigun gaiei buruz aritzeko era dibertigarria da!” azaltzen dute Bahia Blancako ikasle eta irakasleek. Eta euskara ikasi eta praktikatzeko aitzakia bikaina ere bada; hori gogoan, eta ikasten ari direnek guztia hobeto uler dezaten gidoia ere argitaratzen dute, entzuleek “hitz bat ere gal ez dezaten”.

Hona fitxa teknikoa: Jone Huarte Bilbao eta Titina Biscaychipy dira zuzendariak eta Titina Biscaychipy, Beatriz Aldalur, Lilian Elosegui, Nerina Martínez Iriarte eta Jone Huarte Bilbao gidoilariak; esatariak Javier Ondona, Israel Rivera Ríos, Titina Biscaychipy, Mayita De Lasa, Guillermina De Lasa, Beatriz Aldalur, Lilian Elosegui, Nerina Martinez Iriarte, Nora Huici eta Ainara Goicochea dira; eta Israel Rivera Ríos eta Jone Huarte Bilbao arduratzen dira kontu teknikoez.

Zorionak, taldea! Lan ederra egiten ari zarete!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia