Euskal etxeko txikienei begira, urtero antolatzen du Bahia Blancako Union Vasca Euskal Etxeak Eskualdeko Txiki eta Ertainen Topaketa. Aurtengo edizioa maiatzaren 14an izan zen eta anfitrioiek harrera galanta eskaini zioten Tres Arroyoseko Hiru Erreka Euskal Etxeko ordezkaritzari. Egunean zehar, hainbat dantza, jolas eta kultur ekintza egin zituzten neska-mutilek etxe antolatzaileko dantzari helduen ardurapean.
Bahia Blanca, Argentina. “Distantziak laburtzeko asmoarekin” sortu zuten bahiatarrek Eskualdeko Txiki eta Ertainen Topaketa. Izan ere, antolatzaileek argudiatu zutenez, “FEVAk Llavallolen egiten duen Umeen Topaketa oso polita da baina Buenos Aires probintziako hegoaldean gaudenoi zaila egiten zaigu joatea, kilometro asko direlako”.
Oztopoa, ordea, aukera bihurtu zen eta Bahia Blancako Euskal Etxeak bere gain hartu zuen Eskualdeko Topaketa antolatzeko ardura. Proposamena bere seigarren ediziora iritsi da aurten. Etxe anfitrioiko kide guztien baina batez ere dantzari helduen engaiamendua du ekimenak oinarri nagusia.
Etxeko ordezkari Romina Larrañagak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “Topaketak urtero euskal kulturaren gai bat hartzen du abiapuntu. Aurrekoetan probintziak, mitologia eta beste zenbait puntu garatu genituen. Aurtengo proposamena, ostera, Zuberoako Maskarada izan da eta Etxeko dantzari ertainen irakasle diren Graciana Koehler-ek eta Arantxa Gil Irazustak prestatutako ekintzak gai horrekin egon ziren lotuta”.
Tres Arroyoseko Hiru Erreka Euskal Etxeko lagunak goizean iritsi ziren eta anfitrioiek gosaria eskaini zieten. Ondoren jolasak, euskarazko abestiak eta dantza biribilak egin zituzten. “Bazkaltzeko tartetxo txiki bat ere hartu zuten umeek baina berehala jarraitu genuen programarekin”, kontatu digute. “Maskarada zer den azaltzeko, dantzan aritzen diren pertsonaia guztiak agertu eta bakoitzakzer den azaldu zuen, zer egiten duen eta bere jantziaren ezaugarriak… Azalpenak entzunda, taldetan banatu genituen neska-mutilak eta Maskaradarekin lotuta zeuden jolasetan jardun zuten”.
Topaketari amaiera emateko, Bahia Blancako Beti Aurrera Dantza Taldeko kideek Zuberoako Maskarada eskaini zieten gonbidatuei. Joan aurretik, oroigarri bana eskuratu zizkieten Hiru Errekako partaideei.
Hurrengo jarduera publiko gisa, erromeriaren data iragarri dute Bahia Blancako gazteek: ekainaren 4an izango da.