euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bahia Blancako Unión Vascak 2024ko Euskal Aste, logo eta bideoa aurkeztu ditu ofizialki, bere egoitzaren 110. urtemugan

2024/03/11

“125 urte, soka bera”, 2024ko Euskal Argentinar Aste Nazionalaren logo ofiziala. Ondoan Bahía Blancako alkate Federico Susbielles, Unión Vascako lehendakari Iñaki Ederra eta FEVAko lehendakari Arantxa Anitua ekitaldiaren aurkezpenean.
“125 urte, soka bera”, 2024ko Euskal Argentinar Aste Nazionalaren logo ofiziala. Ondoan Bahía Blancako alkate Federico Susbielles, Unión Vascako lehendakari Iñaki Ederra eta FEVAko lehendakari Arantxa Anitua ekitaldiaren aurkezpenean.

PUBLIZITATEA

Bahia Blanca, Argentina. Bahia Blancako alkate Federico Susbielles, FEVAko lehendakari Arantxa Anitua ta hirian ehun urtetik gora dauzkaten hainbat erakundetako ordezkariak partaide, 2024ko Euskal Argentinar Aste Nazionala aurkeztu da ofizialki joan den ostiralean, martxoaren 8an, ospakizun urte oso bati hasiera emanez, orain hasi eta urte azkeneraino, Euskal Astea berez azaroaren 11tik 17ra gauzatuko baita. Aurkezpen ekitaldia, gainera, Union Vascako egoitza sozialaren inaugurazioaren 110. urteen ospakizunaren baitan egin zen. Ehun bat bazkidek, belaunaldi guztietakoak, kopak altxatu zituzten topa egiteko, poza, emozioa eta konpromisoa nagusi orain abiatzen den urte bereziaren aurrean.

Emakumeen Nazioarteko Eguna gogoan hartu ostean, Unión Vascako lehendakari Iñaki Ederrak bertaratutako telebista eta irrati hedabideei hitz egin zien, aurten 125 urte (1899-2024) ospatzen ari den Euskal Etxearen historia instituzionalaren laburpena eginez eta euskal kulturaren zenbait alderdi kontatuz, hau guztia ospatzearen garrantzia ere Argentinako diasporarentzat. Bere aldetik, Bahía Blancako alkate Federico Susbiellesek euskal elkarteak hirian daraman lana, eta oro har, euskal gizataldea goraipatu zuen. FEVAko lehendakari Arantxa Anituak, berriz, Federazioaren babesa helarazteaz gain, Euskal Etxeetako emakumeen ibilbidea eta lana aitortueta eskertu zituen.

Logo ofiziala eta EAN 2024a sustatzeko bideoa

Ekitaldian, halaber, 2024ko Euskal Aste Nazionaleko logo ofiziala aurkeztu zuten, baita megaebentua sustatzeko ekoitzi duten bideo instituzionala ere. “125 urte, soka bera” logoa (sic, honela euskaraz) Manuel Irastorza eta Romina Larrañagaren sorkuntza lana da. Soka-dantzaren komunitatearen sinbolismo sendoan oinarrituta garatu dute kontzeptua, eta gauzatzeko orduan, profesionalen laguntza izan dute. Bideoak, bestalde, Euskal Etxeko ohiko giro eta jarduerak, musika, dantza, sukaldaritza, pilota, euskara, musa eta lagunarteko giroa islatzen ditu irudi ederrez.

“Dagoeneko ari baginen ere, hemendik aurrera, aurkezpen ofizial honen ostean, indar bereziki handiz egingo dugu lan EAN 2024 zinez arrakastatsua izan dadin", aitortu dio EuskalKultura.eus-i Unión Vascako lehendakari Iñaki Ederrak. "Oso pozik nago, eta, gainera, gogotsu, alkateari hitz horiek entzun eta alkatetza bere babes osoa emateko prest dagoela jakinda. Ederra izango da”, onartu du.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia