euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bahia Blancako 'Gure Antzerki' taldeak gaur hasiko ditu antzerki klaseak euskarazko proiektuen asmoarekin

2008/04/02

Ezkerretik eskubira, Arnaud, Marcelo, Miguel eta Malena 'BAT' laburmetraian lan egiten
Ezkerretik eskubira, Arnaud, Marcelo, Miguel eta Malena 'BAT' laburmetraian lan egiten

PUBLIZITATEA

'Gure Antzerki' Bahia Blancako Unión Vasca EEko Antzerki Taldeak gaur hasiko du helduentzako antzerki ikasturte berria, elkarteko egoitzako lehenengo pisuan arratsaldeko zortzietan. Antzerki munduan eskarmentu handikoa den Miguel Mendiondo irakaslea izango da azaroan amaituko den ikastaro honetako arduraduna. Jardueren barruan, aurreko urtekoek baino ikus eremuko ezaugarri gehiago eta euskarazko hitz solteak bilduko dituen ikuskizun bat lantzeko asmotan dabiltza. Youtuben 'BAT' aurki daiteke dagoeneko, antzerki taldeak eta Rocio Basterra euskarazko irakasleak burutu nahi duten lau laburmetraia sagako lehena.
Bahia Blancako Unión Vascako Gure Antzerki taldea 2003an hasi zen helduentzako klaseak egiten eta ordutik hona 70 pertsona baino gehiago pasa dira ikastaroetatik, horietako ia erdia (33) klaseetan jarraipena edukita. Miguel Mendiondo, antzerki taldeko zuzendariak azaltzen duenez, 'klaseak gazteleraz dira eta oraindik ez da gertatu euskarazko ikasleak antzerkiarengatik edota antzerki ikasleak euskararengatik interesa behar bezain indartsu azaltzea. Baina gertatuko balitz bikaina izango litzateke. Horregatik, bai Rocio Basterra eta bai ni irakasgaiak barneratzeko amankomuneko proiektuetan ari gara lanean. Eta horretan gabiltza iragan urtetik', baieztatzen.

'Gure Antzerki'ko eskolek, bestalde, ikuskizun bat ekarriko dute. Entsaio edo errepikak maiatza ondoren hasiko dira eta zuzendariak berak aipatzen duenez, 'aurtengo ikuskizunetarako euskarazko hitzak sartuko ditut. Aurreko urtekoek baino ikus eremuko ezaugarri gehiago eta euskara hotsa erabiltzeko aukera bakarra dituen proiektuetan ari naiz pentsatzen'. Honi dagokionez, Miguel Mendiondoren asmoa ikasleek euskararengana hurbildu eta aurretik ezagutzen ez dituzten euskarazko hitz solteekin lan egitea da, ondoren hitz horietako bat bere hotsarengatik ez bada ere aukeratzeko, garatzen ari diren gorputz-lanekin loturak ezarriz.

Euskarazko 'BAT' laburmetraia Youtuben ikusgai

Iragan urteko urrian eta azaroan Gure Antzerkik, Bahia Blanca eta Viedman euskata irakaslea den Rocio Basterraren laguntzarekin, euskarazko laburmetraia bat grabatu zuen, hitz eginda eta azpitituluduna. Lanean Magui Cantamutto, Laura Perez Regoli, Marcelo Zudaire, Malena Manterola, Arnaud Elogien, Rocio Basterra bera eta irakaslearen zenbait ikaslek parte hartu zuten. Proiektuak guztira euskarazko lau laburmetraia edukiko ditu. Horietako lehena, 'BAT', Youtuben dago ikusgai 'mundu osoan ikus ahal izateko. Sagak lau laburmetraia izango ditu, eta oraintxe amaitu dugu lehena. Beraz, orain gainerakoekin hasi beharko dugu lanean. Oso pozik gaude proiektu honekin eta eremu didaktikotik jolasten ikasteko oso era ona da. Eta praktikotik, jolasteko eta gure material didaktiko propioa sortzeko ere oso era ona', azpimarratzen du Miguel Mendiondok.



[BAT laburmetraia Bahia Blancako EEko antzerki eta euskara arduradun eta ikasleak biltzen dituen lehenengo lankidetza proiektua da]

Etorkizuneko proiektuei dagokienez, Gure Antzerkiko zuzendariak buruan zenbait ideia dituela azaltzen du. 'Antzerki obra oso bat. Eta, zergatik ez, pelikula bat ere. 2012rainoko proiektu bat aurkeztu nuen aurten, 2012a barne. Urte horretan 10 urte beteko genituzke EE barnean lanean eta euskarazko Antzerki batekin ospatzea bikaina izango litzateke. Identitate batekin ospatzea ere oso ona litzateke, izan ere hirian lortzen ari garen identitate hori hizkuntzaren presentziarekin asko indartuko bailitzateke', aditzera ematen du Mendiondok. Gainera, 'euskara ikasten hasi behar dut berriz ere, zuzendari nabilen bitartean galdezka egotea deserosoa delako eta euskara ikasten badut, pentsatzen ikasiko baitut, eta hori da identitatedun eta esanguratsuena'.


Lotura interesgarriak

Gure Antzerki taldearen webgunea
http://gureantzerki.blogspot.com

Miguel Mendiondoren blospot-a
www.miguelmendiondo.blogspot.com

Euskara ikasleak zinemagile Bahia Blancako Euskal Etxean
2008ko urtarrilaren 16an EuskalKultura.com-en argitara emana

Argentinan Euskaraz programako 25 irakasle-ikasle Lazkaon
2007ko azaroaren 27an EuskalKultura.com-en argitara emana

Kolektibitateen Azokako stand onenaren saria Unión Vascarentzat
2007ko azaroaren 28an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia