Bahia Blanca, Argentina. Buenos Aires probintzian eta Bahia Blanca hiritik 50 kilometrora dagoen Medanos herriak bere Gizataldeen Jaialdiaren XXII. edizioa ospatu zuen azaroaren 24an. Jaia, beste herri askotan ez bezala, herriko eskola batek antolatzen du eta eskolak berak luzatu zion gonbitea aurten bigarren aldiz Union Vasca-ko dantza taldeari dantza eta musika ikuskizunean parte hartzeko. Euskal Etxeko gazteek dantzen errepertorioko klasikoenak taularatu zituzten eta Euskal Herriko jaietako giroaz bete zuten ospakizuna.
Berri honekin batera, Euskal Etxearen urteko azken ekintzen berri eman dio EuskalKultura.com-i Union Vascako lehendakari Juan Manuel Lopeteguik. Euskaraldiarekin bat eginez, ‘Kutsidazu bidea, Isabel’ filma proiektatuko dute bahiatarrek ostegun honetan. Informazio gehiago hemen.
Urte amaierako afaria eta Euskararen Nazioarteko Eguna, berriz, abenduaren 1ean ospatuko dituzte, Beti Aurrera taldeko dantzarien emanaldia barne. Hitzordua iluntzeko 8etan izango da. Informazio gehiago, hemen.