Bahía Blanca, Argentina. Tamaina bateko euskal etxe askok munduan “txoko” deitzen duten lekua daukate, mahai baten inguruko biltokia, adinekoen, familien zein neska-mutilen topaleku dena. Dantzariak, pilotariak, umeak, muslariak eta bazkideak oro astean zehar hortik pasatu ohi dira eta era batera edo bestera, komunitate bizitza partekatzen dute bertan. Berrogeialdia luzatzen ari da Argentinan eta horretarako aukera eta guneak faltan botatzen dira. Horregatik, seguruenik, Bahia Blancako Union Vasca EEko batzordekoei lehenengo “txoko birtuala” antolatzea bururatu zaie. “Elkar ikusteko aukera bat da, txokoaren espiritua lagunekin partekatzeko, benetan faltan botatzen baitugu”, adierazi diote EuskalKultura.eus-i.
Zoom-en bidez gauzatuko dute. Lehenengo “txoko birtuala” jende guztiarentzat irekia izango da, ekainaren 5ean iluntzeko 20:00etan. Proposamena da, nork bere etxetik, patata tortilla eta abestiak partekatzea. Ignacio Irastorza etxeko dantzari ohia ibiliko da koordinatzaile, ekimena gidatuz: agurrak, abestiak, topa egitea. Zoom-en txatean abestien hitzak partekatuko dituzte jendeak parte har dezan.
Lehenengo esperientzia hau ondo joanez gero, antolatzaileek txoko birtuala hilero egiteko asmoa dute. Hurrengoa, uztailean, San Ferminak ospatzeko izango da. Horretaz aparte, beste online ekimen batzuk abian jarriko dituzte, dantza talde bakoitzekin: ipuinak txikiekin, askariak ertainekin eta afariak helduekin. Bistan denez, Bahia Blancako Union Vasca euskal etxeko bazkideei ezerk ez die elkartzeko gogoa kentzen.
-Zoom bidez egingo da. Bileraren ID: 725 5046 1117
-Pasahitza: txoko2020