Bahía Blanca, Argentina. Bahia Blancako Unión Vascak urteko hasiera bakoitzean egutegian gorriz markatutako bi data ospatzen ditu. Urtarrilaren 29a, Laurak Bat izenpean sortu eta gero Union Vasca izena hartu zuen 'elkar laguntzeko elkartea'ren —Sociedad de Socorros Mutuos— urteurrena; eta martxoaren 8a, Lavalle 284 helbidean inauguratu zuen bere egoitzaren eraikinaren urtebetetzea, gaur arte hala izaten jarraitzen duena. Bi data hauek garrantzi berezia dute aurten, izan ere, urtarrilaren 29an, Euskal Etxeak 125 urte biribil ospatu baitzituen eta, datorren ostiralean, martxoaren 8an, egoitza sozialaren txanda izango baitute, kasu honetan 110 urte izango direla betetzen dituenak. Karia horretara, prentsaurreko bat deitu dute, azaroaren 11etik 17ra honen guztiaren ospagai antolatuko duten 2024ko Euskal Aste Nazionala (EAN) ofizialki aurkezteko.
Urtarrilaren 29an egin zuten ospakizunaren sinpletasunarekin nolabait kontrastatuz, eraikinaren 110. urtebetetzeak ahal eta oihartzunik handiena izatea nahi dute. Horretarako, hedabide grafikoak eta ikus-entzunezkoak Euskal Etxera gonbidatu dituzte eta hiriko intendente Federico Susbiellesen presentzia ere espero dute ekitaldian. Euren asmoa, EAN 2024ren logotipo ofiziala eta bideo instituzionala aurkeztea. Unión Vascako lehendakari Iñaki Ederrak EuskalKultura.eus-i.azaldu dionez, "Ospakizunez eta konpromisoz betetako urtea dugu aurretik. Egun hauetan, Euskal Herritik partaide etorriko diren musika eta dantza taldeen zerrenda ari gara ixten eta laster emango dugu horren berri", esan digu ilusioz.
125 urteko euskal historia Bahian
Argentinako udako hilabeteak hein handi batean urteko atsedenean dauden euskal etxeetan ekitaldiak antolatzeko une egokiena ez direla pentsa badaiteke ere, Bahia Blancan urtero biltzen dira urtarrilaren 29an urteurrena ospatzeko. Aurtengoa 125.a izanik, zergarik zuen desberdina izan behar eta, termometroak 42 gradu markatu arren, astelehen iluntzean, urtean zehar eraikinari bizitza ematen dioten taldeak elkartu ziren afari bat elkarbanatu eta Unión Vascaren alde topa egiteko. Gau ederra partekatu zuten bildutako ehun bat lagunek, tartean zuzendaritzako kideek, lehendakari ohiek, pilotariek, euskara ikasleek, Beti Aurrerako dantzariek eta bazkideek oro har, FEVAko lehendakari Arantxa Anitua lagun.
Zorionak Bahía Blancako Unión Vasca!