Bahia Blanca, Argentina. Bahia Blancako Union Vasca euskal etxeko dantzariek 'Irauten' dantza ikuskizuna azaroaren 21ean estreinatu zuten bertako Udal Antzokian. Izenak berak adierazten duenez, Euskal Herriak herri gisa denboran zehar nola iraun ahal izan duen azaltzen du ikuskizunak, testu, argazki eta dantza bidez. Euskal Etxeko dantza irakasleek sorturik, Beti Aurrerak partaide dituen lau taldeak izan dira partaide, esan nahi baita Txiki Txikiak –0 eta 6 urte arteko neska-mutilekin–, Txikiak (6-10), Ertainak (10-15), eta helduak (15-30).
“Dantzaldia Euskal Herriaren sorrerari buruzko narrazioarekin hasten da, pantaila handi batean labar-pinturak proiektatzen diren bitartean”, azaldu dio Union Vasca-ko dantza irakasleetako bat den Antonella Caponik EuskalKultura.com-i. “Horren ostean, Burdin Aroa irudikatzeko, umeak tresnak eskuetan agertu ziren oholtzan”.
“Taula gainean berez dantzan lehenengo hasi zirenak txiki txikiak izan ziren, dantzekin batera Nafarroak Euskal Herriarentzat duen oinarrizko garrantzia agerian uzten. Jarraian, gai hauek jorratzen dira: Mitologia, Erromatarren Inbasioa, Nekazaritza eta Gizartea, Eliza eta Gizartea, Gerra Zibila, Emigrazioa eta euskal etxeak, eta Gaur Eguna. Denboraldi bakoitza aurkezteko, zerikusia zuten argazkiak proiektatzen dira eta aldi berean, dantzek ere balio digute aro bakoitzeko xehetasunak azaltzeko”, laburbiltzen du Caponik.
Ordu eta erdiz luzatzen den emanaldian mota askotako dantzak eskaini zizkion taldeak hirurehun bat lagunek osatutako publikoari, tartean Makil dantza (Txiki Txikiak), San Petrike dantza (Txiki Txikiak), Akelarre (Helduak), Xiberoko Maskarada (Helduak), Lore Arkuak (Ertainak), Zinta dantza (Txikiak), Uztai Haundiak (Helduak), Xemeingo Ezpatadantza (Ertainak), Gipuzkoako Ezpatadantza (Helduak), Ingurutxo (Txikiak), Fandango erromerian (Ertainak), Zapatain dantza (Txiki Txikiak), Kontradantza (Txikiak), Dantzari dantza (Helduak), Sorgin dantza (Txikiak), Daga Dantza (Ertainak), Arku dantza (Txikiak), Fandango eta Arin Arin (Helduak) eta Hator Hator (Helduak).
Antolatzaileek azaldu digutenez, arazorik gabe jarraitu ahal izan zituzten bildutako lagunek dantzak eta kontakizuna, antzokian sartu orduko obraren azalpena eta nondik norakoa ematen zuen papera eskuratu baizitzaien ikusleei. Horretaz gain, antzokiko langileen lana azpimarratu nahi dute Union Vasca-ko dantza irakasleek argiztapen eta girotze kontuetan eskaini zieten lanak emaitza aberastu baitzuen.