euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bahia Blancako 2019ko Euskal Aste Nazionalaz Baionako HERRIA astekariko lagunek argitaratu duten kronika

2019/11/15

PUBLIZITATEA

EuskalKultura.eus-en argitalpen ahaidea da Baionako HERRIA astekaria, eta bi argitalpenen artean garatzen dugun lankidetzari esker, bere zenbaki guztietan argitaratzen du astekariak gure Diasporari eskainitako kronika, eta bere leku hauta batean egiten du, argazki koloredunez eta zenbakiaren azkeneko orrialdean, orri bisitatuenetako batean alegia. Halaxe egin du aste honetan ere, joan den igandean Bahia Blancan bukatu den 2019 Euskal Argentinar Aste Nazionala hizpide. Hona Joseba Etxarrik sinatzen duen artikulua.

J. E. / Bahía Blanca. Azaroaren 2tik 10era egin da Argentinako Bahia Blanca kostaldeko hirian --Buenos Aires probintzia hego-mendebaldean, hiriburutik 600 bat kilometrora-- 2019ko Euskal Argentinar Aste Nazionala, hiriko Union Vasca Euskal Etxeak aurten 120 urte betetzearen karietara. Andana bat jende bildu da Argentina osorik etorririk, baita ere ondoko Uruguaiko euskal etxeetarik. Argentinak bizi duen krisialdi larriak eragin du hemen behar zuten beste zenbait jende eta euskal etxe, ondarrean jin ahal ez izatea, eta jin direnetako ez gutik sakrifizio eta ahalegin handia eginez jitea; baina behar da erran elkarretaratzea egin egin dela eta ongi pasatu dela eta hainbatek aukera izan duela lagun xaharrekin bildu eta lagun berriak egiteko, beste euskaldunekin arizaiteko, eta hori --komunitatea biziarazi eta indartzen segitzea-- garrantzitsua dela, bereziki euskal etxeetako gazteentzat, aurten 29 dantza talde bildurik joan den larunbateko antzokiko gau-emanaldian.

Bisitari frango Euskal Herritik: artisten artean, Patxi Perez eta Konpania, erran nahi baita Jimmy Arrabit, Panpi Gerard eta Txomin Etchevers; Xabi Aburruzaga trikitilaria eta lagunak; Dantza filmeko Telmo Esnal zuzendaria eta Gari Otamendi dantzaria; Oñatiko Ganbara Abesbatza, Aitor Biain buru; Euskal Argentina elkarteko taldea, Monika Legarto buru; Frantxua Juanicotena bankarra kantuz; Eskoriatza herri gipuzkoarreko talde bat, Ander Ugarte buru; eta norbanako gehiago, tartean Graxi Etxebehere ortzaiztarra eta Lizarra eta Arabako lagun taldeño bat. Jaurlaritzaren izenean, Gorka Alvarez Diasporako zuzendaria eta Euskadiren Argentinarako ordezkari Sara Pagola; EH Bilduko Jasone Agirre legebiltzarkidea; Gorka Mostajo EGIko jeltzalea... Bisitari gisa baita ere eta ez bidaia ofizialean, baina hemen ziren Mendibeko auzapeza, Sebastien Ihidoy eta Lekunberrikoa, Jojo Goyheneix, eta zinegotzi gehiago...

Programa barnean, Oñatiko koralekoak Argentinako beste bost koralekin bildu dira emankizun batean; Larunbat goizean FEVA Argentinako Euskal Erakundeen Federazioak urteko bere bilkura nagusia egin du; eta gisa bera Argentinako Euskal Etxeetako Liburutegiek, dantza-taldeetako zuzendariek, jotzaileek eta abesbatzetako zuzendariek. Mintzodromo arras arrakastatsu bat egin da, bakotxak bere euskara maila praktikatzen. Kalejirak Bahia Blancako karriketan, euskal musika lagun jauzika, animazio ederra ekarri du; eta Argentina osoko partaide gazte eta helduek Donostiako danborrada jo eta obratu dute, Armada Argentinarreko bandaren zuzeneko musikarekin. Eta izan da lekua pilota partidendako, izan dira erakusketak, euskal zinema, erromeria eta dantzaldiak, bazkari eta afari jendetsuak, meza banderadunekin, eta igandean, ehundaka dantzari bildu dituen plaza agerraldi/erakustaldia. Besta zinez ederra.

Zorionak hemen euskal suia atxikitzen duteneri! Heldu den urtean, orai bezala azaro hastapenean, La Pampako Macachinen da hitzordua.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia