euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bahia Blancako Euskal Etxeak eratu Gizatalde Liburutegien I. Erakusketa 'udal interesekoa' izendatua

2009/09/17

Gizatalde Liburutegien Lehenengo Erakusketara bildutako publikoa eta, atzean, stand-ak
Gizatalde Liburutegien Lehenengo Erakusketara bildutako publikoa eta, atzean, stand-ak

PUBLIZITATEA

Irailaren 5ean, Bahia Blancako Union Vasca Euskal Etxeak hamazazpi kolektibitate ezberdineko ordezkariak bildu zituen Gizatalde Liburutegien I. Erakusketan. Aurretik eginiko bilkuretan ez bezala, honetan, liburuzainekin batera, publiko orokorrak ere hartu ahal izan zuen parte. Ekitaldiaren arrakasta liburutegietako arduradunek egindako lanaren ondorioa izan zen. Agian horregatik Bahia Blancako komunitateak saritu du erakunde antolatzailea: alde batetik, eta 311-7677-2009 espedientea medio, Erakusketa 'udal intereseko ekintza' deklaratu zuten; bestetik, herriko 'Asociación de Cultura Inglesa'-k, Historia de la Asociación bahiense de Cultura Inglesa 1942-1992 delako liburua oparitu zion Union Vascari.

Bahia Blanca, Argentina. Aurtengo Euskal Astearen anfitrioia izango den Union Vasca Euskal Etxea, Gizatalde Liburutegien I. Erakusketaren agertoki bihurtu zen joan den irailaren 5ean. Euskal Etxeko Andoni Irazusta aretoan ordezkatuta zeuden, besteak beste, gizatalde irlandarra, ingelesa, gaztelau–leondarra, kataluniarra, heleniarra, suitzarra, frantziarra, valentziarra, italiarra, alemaniarra, galiziarra, israeldarra, paraguaitarra, kroaziarra, andaluziarra, kubatarra eta euskaldunak.

Euskal etxeko lehendakari Mikel Irazustak hasi zituen ofizialki saioak liburutegiko ordezkariei ongi etorria emanez. Bide batez eskerrak eman zizkien publiko orokorrari eta bereziki Federico Weylandi, Bahia Blancako Udaleko Kultur Institutuko zuzendariari emandako laguntzagatik. Jarraian, Weylandek berak hitz batzuk zuzendu zizkion bildutako jendeari eta azpimarratu zuen liburutegien lanaren garrantzia komunitate baten barruan. Ondoren, Carlos Remonda Kolektibitate Atzerritarren Elkarteko presidentea erakundearen helburu eta ekintzei buruz mintzatu zen.

Aniztasun kulturalaren isla

Gizatalde ezberdinetako kulturek bat egin zuten Bahia Blancako Joxe Migel Barandiaran Liburutegiak antolatutako ekitaldian eta elkarretaratzeko une batean, aniztasun kultural hori agerian uzteko, talde bakoitzak olerki lerro batzuk irakurri zituen bere hizkuntzan --itzulpena ere eman zuten--; eta musika, agian, kulturaren isla esanguratsuenetako bat denez, aurkezpen hori grekoz abestutako kanta batekin bukatu zen. Arratsaldean zehar, eta informazioa eskuratzeko, bisitariek kolektibitate bakoitzeko stand-ak ikusi ahal izan zituzten.

'Gizataldeen liburutegiak integrazioaren eta lankidetzaren eredu bihurtu gara. Liburutegien lana zabaltzea dugu helburu [izan ere erakusketaren aurreko egunean, liburutegi guztien fitxak dituen direktorio bat bidali zitzaien hiriko Udalari, Unibertsitateei eta beste hainbat erakunde kulturalei] eta datorren urteari begira honelako ekintzak egiten jarraituko dugu', azaldu dio EuskalKultura.com-i Joxe Migel Barandiaran Liburutegiako arduradun den Nerea Grassik. 'Aurreko topaketetan ez bezala, erakusketa hau publikoari irekia izan da eta jendearen erantzuna, ezin hobea. Uste dut Gandhiren hitzek ondo asko deskribatzen dutela gure eginkizunaren funtsa: Munduko kultur guztiak gure etxean egon daitezen baina baldintza batekin: etxetik bota ez nazaten.'


Lotura interesgarriak

Bahia Blancako Gizatalde Elkarteak
www.bahiablanca.gov.ar/internacional/colectividades.html 


 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia