euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bahia Blanca eta Tres Arroyosko euskal etxeetako txikienen kanpaldia Cnel Pringlesen, bertako euren parekoekin

2014/10/01

Cnel. Pringleseko Eusko Biltzar euskal etxeak antolatutako Txikien Topaketa
Cnel. Pringleseko Eusko Biltzar euskal etxeak antolatutako Txikien Topaketa

PUBLIZITATEA

Bahia Blancako Union Vasca, Tres Arroyoseko Hiru Erreka eta Pringles bertako euskal etxeetako 75 ume bildu ziren Eusko Biltzar-en egoitzan, Beti Dantzari dantza taldeak antolatutako euskal asteburuan parte hartzeko. Bi egunetan zehar, jolas, kanta eta dantza egin zuten neska-mutilek, ‘euren arteko harremanak sendotu eta euskal kulturan murgiltzeko’ asmoarekin. Nobedade bat ere proposatu zien etxe anfitrioiak haurrei: euskal etxean bertan gaupasa egiteko esperientzia.

Cnel. Pringles, Argentina. Txikien --6 eta 15 urte arteko umeentzako-- II. Topaketa joan den asteburuan izan da eta Buenos Aires probintzia hegoaldeko hiru euskal etxetako neska-mutilak batu ditu, Union Vasca, Hiru Erreka eta Eusko Biltzar-ekoak. Beti Dantzari taldeak antolatu eta koordinaturik, ekintzak larunbat goizean hasi eta igande arratsaldean bukatu ziren, ordezkaritza bisitariek etxerako bideari ekin behar izan ziotenean.

Aktibitate handiko bi egun bizi izan zituzten umeek: helduek gidaturik, jolasak, abestiak eta dantzak ikasi eta txangoak egin zituzten ibaiaren etzera eta herriko plaza nagusira. Aktibitate guztiek oso helburu zehatza izan zuten. Pringleseko dantza taldearen zuzendari Yanina Salaberry-ren esanetan, “asmoa da eskualdeko euskal etxeen arteko loturak bultzatu eta sendotzea, beti ere ondo pasatuz”. Eta xede honekin ere bisita bueltatuko die Eusko Biltzar euskal etxeak Union Vasca-ko eta Hiru Errekako lagunei: “Urrian Bahia Blancara joango gara eta urriaren amaieran edo azaroan, Tres Arroyosera”, iragarri dio Salaberry-k El Orden hiriko egunkariari.

Larunbat gauean taska bat antolatu zuten Pringlesko euskaldunek, bildutako dantza taldeek euren koreografiak erakus zitzaten. Euskal etxeko agintariak ere bertaratu ziren topaketara, tartean etxeko lehendakari Juan Jose Olasagastia. Taska bukatzean eta nobedade gisa, ume guztiek gaupasa egin zuten (gaua pasatu zuten) euskal etxean, muntatutako kanping dendetan. Topaketaren argazkiak, hemen.

Coronel Pringles-en 132. urteurrena

Joan den irailaren 24an, eta beste hainbat kolektibitate eta elkarterekin batera, Coronel Pringlesen 132. urteurreneko ekintzetan hartu zuen parte Eusko Biltzar euskal etxeak. Ospakizunean, omenaldiak, musika ikuskizunak, desfileak eta Udaletxean egindako berritze lanen inaugurazioa egin ziren. Kabalkadan, euskal etxeko lagunek izan zuten ikurrina eramateko ohorea. Desfilearen bideoa hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia