Buenos Aires, Argentina. Berriro ere arrakastatsua izan da zinez Buenos Aires hiriak Euskal Herriari egin dion hamaikagarren omenaldi jaialdiaren 2023ko edizio hau. Eta, ziurrenik, horren gakoetako bat federala eta parte-hartzailea izatea izan da. Bokazio hori urtez urte berritu eta azaleratzen da, bai standetan anfitrioi gisa ordu batzuetarako parte hartzen dutenekin, zein behin eta berriz edizioz edizio bertaratzen den eta, hala ere, beti gehiagorako gogoz geratzen diren bisitariekin.
Distantziak distantzia, herrialdeko lau puntu kardinaletako euskal taldeak hurbiltzen dira edizio bakoitzean, beren presentziarekin jaiaren aniztasunari ekarpena egitera. Oholtza gainean dantza taldeak ordezkari izan dituzten euskal etxeez gain, aurten honako euskal etxe eta elkarte hauek ere hartu dute ekimenean, Rio Negro, Buenos Aires, Mendoza eta Cordoba probintzietatik eta CABAtik etorririk:
- Barilocheko Mendiko Euzko Etxea
- Bahía Blancako Unión Vasca
- Buenos Aires Hiriko Eusko Kultur Etxea
- Lapridako Lagunen Etxea
- Lomas de Zamorako Denak Bat
- Mar Del Platako Denak Bat
- Mendozako Denak Bat
- Villa Maríako Euzko Etxea
Anaia-arreba uruguaitarrak eta Danborrada
Danborrada buenosairestarra zenbait pieza jotzen igandean hiriburuko Maiatzeko Etorbidean
Edizio honetan, gainera, marka berezia ezarri dute euskal uruguaitarrek, Rio de la Plata ibaia Argentina aldera gurutzatuta bertan partaide izan baitira Uruguaiko FIVUko (Uruguaiko Euskal Erakundeen Federazioa) lagunak eta baita ere Carmeloko Ibai Ondoko Etxeko, San Joseko Euskaldunak Taldeko eta Montevideoko Euskaro eta Haize Hegoa Euskal Etxeetako eta Aldaxka Kulturguneko lagunak ere.
Ez zaio, bestalde, hainbati oharkabean pasa Donostiako Danborrada Argentinako euskal komunitatearen jai-errepertorioan sendo sartu dela azken urteotan, bertako euskal erkidegoaren ikuskizun deigarrienetako bat bihurtuta. Ohi denez, aurtengo 'Buenos Airesek Euskal Herria ospagai'n ere jo du, jotzaile eta partaide izan direla besteak beste Laurak Bateko, Rosarioko Zazpirak Bateko, Necocheako Euzko Etxeko, Cañuelasko Denak bateko eta Pergaminoko Lagun Onak EEeetako kideak. Euretako parte ikus zitekeen baita ere, makiltxoak irmo hartuta, Kanpoko Euskal Komunitatearen zuzendari Gorka Alvarez Aranburu, Armada Argentinarreko Banda zuzenean jotzen eta danbor eta barrilen zuzendari Jose Gutierrez eta Jorge Rabufetti danbor nagusiak.
(segituko du)