Buenos Aires, Argentina. San Fermin giroa zabaltzen ari da Diasporan zehar eta Argentinara ere iritsi da, Atlantikotik Andeetako Mendikateraino. Mota askotako ekintzak egingo dira euskal eta nafar etxeetan, batzuetan gainera Argentinako Independentziaren Eguneko ospakizunarekin bat eginez. Egitarau honetan ikusten denez, proposamenak ugariak dira; beraz, parte hartu nahi baduzu ‘zapi gorria lepoan’ eta zatoz ospatzera!
Arrecifes, Euskaldunak Denak Bat. Uztailaren 8an ospatuko dituzte Sanferminak arrecifestarrek. Hitzordua gaueko 9:30etan da eta afariko menua, leka zopa, arroza oilaskoarekin eta sagar erreak. Sarrerak 80 peso. Musika, dantzak eta abestiak. Antolatzaileek eskatzen dute zuri-gorriz jantzita joatea.
Ayacucho, Euskal Odola. Uztailaren 7an, Meza Colegio de Hermanas-eko Kaperan. Uztailaren 18an, berriz, ‘Alegre despertar’ delako agurra egingo diete goizean dantzariek etxeko bi kideri. Gaueko 9etan, San Fermin afaria egingo da, dantzariak lagun. Afarian euskal etxean musutruke lan egiten duten pertsonei saria emango zaie.
Bolivar, Nafar Etxea. Uztailaren 10ean eta urteroko ohiturari jarraituz, Mus Txapelketa antolatuko dute bolivartarrek, San Fermin ospakizunaren programaren baitan. Afaria, ordea, larunbat 11an izango da, etxeko txorizoa eta guzti.
Buenos Aires, Laurak Bat. Uztailaren 10ean izango da jaia Belgrano etorbideko euskal etxean. Bertan Uztailaren 9ko festa ere ospatuko da taska eta euskal argentinarreko kantutegiko abesti famatuekin.
Buenos Aires, Nafar Etxea. Bi gonbite luzatu dituzte aurten Buenos Aireseko nafarrek komunitateari. Uztailaren 4an eguerdiko 12etan, San Fermin Taberna antolatuko dute etxeko gazteek. Arratsaldean, dantzari txikiek euren emanaldia eskainiko dute. Sarrera, $25. Uztailaren 9an, berriz, betiko bazkaria egingo da Moreno kaleko etxean. Elkarretaratzea eguerdiko 12:30etan hasiko da txupinazoarekin eta horren ostean dantza egingo dute dantzari helduek kalean. Bazkalostean Andayna Folk Ibérico taldeak joko du. Sarrera $220.
Buenos Aires, Euskaltzaleak. Euskaltegian uztailaren 17an ospatuko da Iruñeko festa nagusia. San Fermin Topaketan, ‘Navarra las 4 estaciones’ dokumentala proiektatuko eta kazolak prestatuko dute lagunek bildutakoekin konpartitzeko. Hitzordua, iluntzeko 8etan da.
Comodoro Rivadavia, Euskal Echea. Aktibitate handiko programa eskainiko du euskal etxe patagoniarrak uztailaren 12an: San Ferminekin lotuta dauden jolasak, abesbatzaren emanaldia, dantzarien emanaldia, euskal etxeko erreginaren aurkezpena eta bazkaria. Bazkariaren zehar, San Fermini buruzko bideoak proiektatuko dira.
La Plata, Euzko Etxea. Buenos Aires probintziako hiriburuan, uztailaren 12an izango da ospakizuna. Goizeko 11:30etan, Meza Guadalupe Elizan; 12:30etan, Plaza Dantzak eta buruhandiak, 58 eta 14 kaleetan; eguerdiko ordu 1ean, Txupinazo Pedrito Berruetaren esku; bazkarian dantzarien eta abesbatzaren emanaldiak eskainiko dira. Arratsaldean, txokolate tortekin eta erromeria.
Mendoza, Nafar Etxea. Jaia uztailaren 12an izango da, 12:30etan, etxe balearrean, abesbatza eta dantzariak partaide.
Olavarria, Gure Etxe Maitea. Sanferminak ospatzeko, Magdalena Mignaburu gonbidatu dute Olavarriako lagunek ‘Gure Arropa’ erakusketa aurkeztu eta hitzaldi bat emateko. Hitzordua, uztailaren 11an izango da eta afari batekin bukatuko da eguneko programa. Afariaren baitan, Agustina Irastorzak ikurrina bana eskuratuko die Azul, Junin eta Olavarria herrietako euskal etxeetako ordezkariei. Rosarioko Cristina Arreguik, Juningo Rosario Sosak eta Azulgo Silvia Icetak ere hartuko dute parte jaian.
Rosario, Nafar Etxea. Uztailaren 3an hasiko da rosariotarren astebeteko programa, arratsaldeko 7etan, Kultur Ekitaldi batekin eta gaueko 9:30etan Lagunarteko afaria egingo da. Uztailaren 4an goizeko 11etan, omenaldi bat egingo zaie erakundeko hildako kideei Nafarroa Plazan; eguerdiko ordu 1ean, txupinazoa eta ‘Horizonte Español’ irratsaioaren entzunaldia. Eguerdiko ordu 1:30etan bazkaria eta arratsaldeko 6:30etan, dantzaldia. Eguneko programa afariarekin bukatuko da. Uztailaren 5ean, goizeko 10etan kalejira egoitzatik 25 de Mayo Plazara. Dantza ikuskizuna. Eguerdiko 12etan, San Fermin Meza eta ordu 1ean, Independentzia argentinarraren bazkaria. Arratsaldeko 4etan, Mus Txapelketa. Uztailaren 7an, iluntzeko 8etan, San Ferminen omenezko prozesioa eta 9etan, afaria. Uztailaren 8an, gaueko 9:30etan, San Fermin Banketea eta erromeria. Goizeko 3etan, Iruñeko Entzierroa telebistan eta 4:30etan, baratxuri zopa. Uztailaren 9an, arratsaldeko 4etan, txokolatea txurroekin, dantza emanaldia eta ‘Gaixoa ni’, festei amaiera emateko.
Tres Arroyos, Hiru Erreka. Uztailaren 11n, San Fermin eta Argentinako Independentziaren Eguna ospatuko dira Hiru Erreka euskal etxean, plater tradizionalak, Euskal Herrikoak eta baita Argentinarrak ere, eskainiz. Dantzaldia, txikien esku egongo da.
(zure inguruko deialdi edo hitzordua topatzen ez baduzu. bidali iezaguzu hona: info@euskalkultura.com)