Jaialdia San Francisco de Bellocq herrian izango da urriaren 4 eta 5ean eta ekintzen programa oparoa eskainiko dio publikoari; iazkoan egin ziren ibilbide turistiko, mus txapelketa eta Tortilla Lehiaketaz gain larunbateko erromeria eta igandeko herri kirol erakusketa izango dira aurtengo nobedadeak. Ekitaldiak Tres Arroyoseko udalaren babesa du eta Hiru Erreka euskal etxeak, INTAren Pampa Vasca-k eta San Francisco de Bellocq-eko hainbat elkartek antolatzen dute.
Tres Arroyos, Argentina. Iaz izandako arrakastak bultzaturik aurten ere luzatzen diote Hiru Erreka euskal etxeak eta Pampa Vasca elkarteak euskal komunitateari 'Zelai eta itsasoaren arteko' delako Sukaldaritza Jaian parte hartzeko gonbitea. Hitzordua urriaren lehenengo asteburuan izango da eta lekua, Tres Arroyos eta Claromeco hirietatik kilometro gutxitara dagoen San Francisco de Bellocq herrian.
Jaialdiaren bigarren edizio honetan ekimenaren klasiko bihurtzera doazen ekintza batzuk egingo dira, tartean, kostaldeko ibilbideak eta Mus Txapelketa; programa osatze aldera, proposamen berriak ere sartu dituzte antolatzaileek eta hori dela eta erromeria egongo da larunbatean, gaueko 9:30etatik aurerra (Bellocq-eko Juventud Agraria delako klubeko aretoan, sarrera $25) eta baita Herri Kirolak ere, igandeko programa barruan.
Igandean ere, Tortilla Lehiaketaren bigarren edizioa (oinarriak hemen), euskal kulturari buruzko tailerrak eta euskal musika eta dantzak izango dira aktibitate nagusiak (Jaialdiaren programa osoa, hemen).
Informazio honekin batera, antolatzaileek jakinarazten dute parte hartuko duten euskal etxeek oroigarriak saltzeko standak muntatu ahal izango dituztela dirua bildu edota bidaiaren gastuei aurre egite aldera. Horrez gain, argazki bilduma ere ari dira antolatzen jaialdiaren egunean erakusteko. Argazkiak Tres Arroyos eta Bellocq-eko zelai aldeko euskal jatorrizko familienak izan behar dira, bi 20 x 30 eta beste bi 15 x 21 zentimetrokoak. Argazkiekin batera, familiaren historia ere aurkeztu behar dute interesatuek, orri erdi batean. Materiala Tres Arroyoseko euskal etxean edota Bellocq-eko Sarmiento liburutegian utz daiteke, irailaren 19ra arte, goizeko 10etatik 12etara, eta arratsaldeko 4etatik 7etara.
'Zelai eta itsasoaren arteko' ekitaldiko igandeko ekintzak Bellocq-eko 22 zenbakiko eskolako instalazioetan izango dira, eta sarrerak 10 peso balio ditu helduentzat (hamar urte arteko umeentzat, ordea, 5 peso). Informazio gehiago eskuratzeko, euskal etxearekin (02983 421121 - hiruerrekatresarroyos@hotmail.com.ar) edo Pampa Vasca elkartearekin (pampavasca@gmail.com) jarri behar da kontaktuan.