euskal diaspora eta kultura
2012/11/30
PUBLIZITATEA
Bilbo, Bizkaia. Euskal Herrian eta Diasporan hainbat ekitaldirekin ospatuko da Euskararen Nazioarteko Eguna astelehenean, baina euskal etxe eta erakunde askok asteburua aprobetxatuz giroa berotzen hasteko prest dira jada. Batzuk aipatuko ditugu jarraian.
Euskal Herritik hasita, Gasteizen gaur euskara sustatzen lagundu duten gasteiztarrei Lazarraga sariak banatuko dituzte gaur, eta abenduak 5a bitartean Euskararen inguruko ekitaldiak egingo dira. Bilbon, abenduaren 3an harrera ekitaldia egingo da Arriaga Antzokian, eta Bizkaiko herrietan ere izango dira jarduera bereziak (ikus zerrenda hemen).
Donostian Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Gaztezulo aldizkariak Gipuzkoako Foru Aldundia, EHU eta Gaztezulok "Ika-Mizka" mahainguruak antolatu dituzte, gazteak euskarari buruz solas daitezen (informazio osoa, hemen). Bukatzeko, Eusko Jaurlaritzak eta Etxepare Euskal Institutuak "Surfeatu euskararen olatua mundu osoan" kanpaina aurkeztuko dute, Surfilm Festibal zinemaldiarekin batera.
Diasporan
Nazioartean ere ekitaldi ugari egingo dira. Aurrekoan Argentinako hitzorduen berri eman genuen, oraingoan Diasporako beste zenbait elkarteetan egingo direnak azalduko ditugu (jakin badakigu gehiago izango direla, baina hauek dira orain arte bildu ahal izan ditugunak).
Paraguaien Asuncion hiriburuko Jasone Euskal Etxeak Euskal afaria egingo du gaur bertan Lawn Tenis Club (Maestro Pellegrini, 420). Argentinatik gonbidatu bereziak joango dira afarira: Paranako Urrundik elkarteko bi dantzari, Ignacio Borrás y Josefina Galván Darrichon, euskal dantza erakustaldia eskaintzeko prest. Afariaren menua txipiroiak bere tintan.
Kabalkada San Frantziskon
Txilen Santiagoko Euzko Etxean euskara ikastaroetako ikasleek eta irakasleek hainbat ekitaldi antolatu dituzte larunbatean, Euskararen Eguna ospatzeko. Kalifornian, San Frantziskoko Basque Cultural Center elkartean (599 Railroad Avenue, South San Francisco) bideo emanaldi berezia egingo da: Irisarriko Kabalkada Toberak.
Hainbat urtez tradizioa etenda izan ostean, aurtengo udan Irisarrin Kabalkada ospetsua berreskuratu egin zen eta Aldudarrak elkarteak horri buruzko filmea ekoitzi zuen. Basque Cultural Center-en bideo horretako zati hautatuak emango dituzte, pintxo dastaketa eta bazkari baten ostean. Egunean zehar 8 Herrialdeak Zuzenean irratsaioak egingo duen Euskararen Eguneko emanaldi berezia izango da entzungai.
Australian Sydneyko Gure Txokoa elkarteak igandean ospatuko du Euskararen Nazioarteko Eguna, bazkari batekin. Elkartetik jakinarazi dutenez, bazkarirako tiketak dagoeneko agortu egin dira eta euskal etxea jendez lepo izango da. Londresen London Basque Society elkarteak bazkaria egingo du igandean, Covent Garden-eko Pintxo jatetxean. Munduko beste muturrean, Uruguaiko Montevideon Centro Euskaro elkarteak ere igandean egingo du ospakizunak, Eusko Indarra dantza taldearen erakustaldi berezi batekin (30. urteurrena bete du aurten Eusko Indarrak).
Kirmen Uribe Bordelen
Astelehenean, Euskararen Egunean bertan, Bordelen hainbat ekitaldi antolatu dituzte Bordeleko Euskal Etxeak, Jaurlaritzako Kultura sailak eta Cervantes Institutuak lagunduta. Hasteko, arratsaldeko seietan Kirmen Uribe idazleak, Espainako literatura sari nazionala (2009) lortu zuen "Bilbao- New York – Bilbao" eleberria aurkeztuko du Cervantes Institutuaren egoitzan. 2012an frantses argitaratu zuen liburua Gallimard-ek.
Ondoren, zazpi eta erdietan, Kimuak programako hainbat laburmetrai izango dira ikusgai Euskal Etxean. Emanaldiaren ondoren partehartzaileek euskal mahai baten inguruan edateko eta jateko aukera izango dute.
Boisen euskaraz kantari
Amaitzeko Boisen abenduaren 3an hiriko euskara ikastaroetako ikasle eta irakasleek elgarretaratzea egingo dute, Euskeraren Eguna batera ospatzeko eta euskara praktikatzeko. Klase dibertigarri batekin hasiko dute gaua eta ondoren Leku Ona jatetxean pintxo jana egingo dute eta klasean ikasitako kantuak abestuko dituzte.
Abenduaren 9an, Txantxangorriak Boiseko Soinu taldeak kontzertua emango du eta txikiek dantza erakustaldia egingo dute. Emanaldia eta gero, Olentzero etorriko da umeen gutunak biltzera eta opariak banatuko ditu. Azkenik, abenduak 16ean euskara ikasleak Boiseko Bihotzetik Choir abesbatzeko kideekin batera nagusien egoitzetan gabon kantak abestera aterako dira.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus