Donostia-San Sebastián. Euskaraldia euskararen erabilera areagotzea helburu duen ekimena da. Euskaldunak izanik, inertziari edo laguntzen ez duen giroari aurre egin behar diotenen artean; eta baita ere euskara ulertuta mintzatzera ausartzen ez direnen edo apenas hitz batzuk jakinda euren ahalegin edo aldeko jarrerarekin parte hartu nahi dutenen artean. Proposamena ariketa sozial bat da, euskara ulertzen duten hiztunen artekoa, hizkuntza ohiturak aldatzeko, gizartearen gune guztietara zabaldua, eta denborari dagokionez epe jakin baterako planteatua. Aurten azaroaren 18tik abenduaren 2ra, Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan amaituz. Euskal Herrian zein bere diasporan.
Parte hartzeko rol bat aukeratu behar da: “Ahobizi” edo “Belarriprest”. Ahobizik euskara ulertzen dutenekin euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartuko du, printzipioz ariketak irauten duen bitartean. Belarriprest hautatzen dutenek, beti euskaraz erantzun ezin badute ere, euskaraz hitz egiten dutenek eurei euskaraz zuzentzea eskatzen dute. Euskaraldiaren antolatzaileek gogorarazten dute, rola aukeratzerakoan, gakoa jokaeran dagoela, ez gaitasunean. Izena emateko, munduko edozein lekutatik, egin klik hemen. Zure euskal etxeko euskara taldeetan ere galdegin dezakezu, edo zeuk haiek Euskaraldiaz ohartarazi.
Euskal Herrian, mota guztietako elkarte eta taldeek (erakunde publikoek, gizarte eragileek, enpresek, kooperatibek, kultura eta kirol elkarteek,...) parte har dezakete “ariguneak” —euskararen erabilera uneoro bermatuko duten guneak— sortuz. Diasporan, baita euskal etxeek ere [zergatik ez zeurean edo zeure euskara taldean proposatu?]. Laguntzaile diren EHko erakundeen artean aipa daitezke Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoa eta EHko Hirigune Elkargoa, Nafarroako Gobernua, Eusko Jaurlaritza edota Euskaltzaleen Topagunea. Euskaraldiaren lehenengo edizioa 2018an egin zen, eta bigarrena 2020an. Ondoko bideoan, “Hitzez ekiteko garaia” lelopean, aurtengoan parte hartzeko gonbitea.