euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Badator EH Sona! 2011: Zea Mays, Anari, Ken Zazpi, Athom Rumba... Bartzelonan, urriaren 29tik aurrera

2011/10/21

Bartzelonako EH Sona! 2011 euskal musika jaialdiaren karteleko irudia
Bartzelonako EH Sona! 2011 euskal musika jaialdiaren karteleko irudia

PUBLIZITATEA

Bartzelonako Euskal Etxeak kartel bikaina bildu du aurten ere EH Sona! musika jaialdirako eta urriaren 29tik abenduaren 15a bitartean euskal kantari eta talde sorta polita ekarriko du kataluniar hiriburura. Hainbat estilo jorratuko ditu jaialdiak eta gaur egungo euskal musikaren ikuspegi zabala eskainiko du. Horrela, Zea Mays eta Athom Rumba rockeroak, Mikel Markez eta Erramun Martikorena kantariak, Kepa Junkera trikitilaria edo Oreka TX txalapartariak ariko dira, besteak beste, jaialdian.

Bartzelona, Katalunia. Urriaren 29an hasiko da Bartzelonako Euskal Etxeak urtero antolatzen duen EH Sona! jaialdiaren edizio berria, eta aurten ere erakusleiho aparta eskainiko dio euskal musikari. Jaialdia abenduaren 15a arte luzatuko da eta tarte honetan makina bat talde eta kantari pasako dira Bartzelonako Euskal Etxetik, Born pasealekuko kale-agertokitik eta Razzmatazz areto ezagunetik, besteak beste.

Jaialdia Passeig del Born-en egingo den kale kontzertu handi batekin hasiko da: Ken Zazpi talde ezagunak joko du eta taldeak duen zalego zabala dela eta (eta kontzertua doakoa izanik) entzule asko bilduko dituela espero da. Urriaren 31an beste talde arrakastatsu bat izango da Bartzelonan: Zea Mays rockeroak. Razzmatazz areto ospetsuan ariko dira.

Rocka eta dantza

Azaroaren 3an Atom Rhumba eta Willis Drummond taldeek kontzertua emango dute Apolo aretoan, eta biharamunean, azaroaren 4ean, ostegunez, Mikel Markez eta Erramun Martikorena kantarien txanda helduko da (Euskal Etxean). Azaroaren 5ean, Iparraldetik etorrita, Zpeiz Mukaki taldeak trikipoteoa gidatuko du Grácia auzoko kaleetan barrena eta egun berean Vendetta ska taldeak doako kontzertua emango du Parc del Clot parkean. 

Azaroaren 6ean Kukai dantza taldeak emanaldia eskainiko du Passeig del Born-en eta 9an Joseba Irazokik folk-rocka eta musika esperimentala uztartuko ditu Heliogabal aretoan egingo duen kontzertuan. Azaroaren 10ean, Heliogabal-en ere, Gora Japon taldeak joko du eta hurrengo egunean, azaroaren 11an, Xabi Aburruzaga trikitilariak --gogoratu iragan uztailean Estatu Batuetako Diaspora bisitatu zuela, NABOk Wyomingo Buffalon egin zuen jai nagusian parte hartuz-- eskainiko du emanaldia CAT-en. Hurrengo hitzordua azaroaren 12an izango da, Anari kantariarekin Euskal Etxean.

'Hostoak' eta Junkera

Azaroaren 17an Bartzelonara bueltatuko da Kukai, oraingoan Oreka TX trikitilariak eta Amaren Alabak taldea alboan dituela, 'Hostoak' musika eta dantza ikuskizuna eskaintzeko. L'Auditori aretoan izango da emanaldia, Etxepare Institutuak lagunduta. Biharamunean Kukai taldeko sortzaileak, Ion Maia dantzariak, "Kukai: creació contemporània, des de la tradició" gaia jorratuko du Euskal Etxean emango duen hitzaldian. Azaroaren 19an, Peachy Joke taldeak rock kontzertua emango du Convent Sant Agustí aretoan. 

Azaroaren 24ean Andoni Tolosa 'Morau' musikariak hitzaldia emango du Euskal Etxean. Gaia euskal musika modernoaren historia, 1961tik 1990a arte, izango da. Hurrengo egunean Ratafia taldeak emanaldia eskainiko du euskal elkartean eta azaroaren 26ean kantu afaria egingo da, hau ere Euskal Etxean. Azkenik, jaialdiari bukaera emateko, abenduaren 15ean Kepa Junkera trikitilariak eta Rolando Luna musikaria folk kontzertua emango dute CAT aretoan (CAT bera da kontzertu honen antolatzailea).

-Informazio gehiagorako (lekuak, tiketak, prezioak eta abar), www.ehsona.com



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia