euskal diaspora eta kultura
2011/11/25
PUBLIZITATEA
Durango, Bizkaia. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka euskal kulturaren erdigune bilakatuko da abenduaren 4tik 8ra eta 200 ekitalditik gora hartuko ditu Landako pabilioiak, aurkezpen, emanaldi, tailer, hitzaldi eta bestelako ekitaldien artean. Bertan aurkeztuko dira 434 izenburu berri: 313 liburu, 63 disko, 23 aldizkari, 9 bideo, 15 liburu elektroniko eta 11 bestelako argitalpen.
Azoka antolatzen duen Gerediaga elkarteak aurkezpenean azaldu zuenez, 138 argitaletxe, diskoetxe, talde, elkarte eta erakundek parte hartuko dute Durangon. Stand kopuruak bera egin du, baina: 9 gutxiago egongo dira. Orotara 274 standek beteko dituzte azokako 'kaleak' eta horietatik 13 teknologikoak izango dira.
Hiru gune berri
Azokak hiru gune berri izango ditu aurten. Lehena, 'Irudienea', euskarazko ikus-entzunezko sorkuntzaren erakuslehioa izango dena. Bigarrena, 'Szenatokia', euskarazko antzerkigintza eta antzerkizaletasunaren topaleku. Eta hirugarrena, 'Kabi@', sarean eta euskarri teknologiko berrietan euskaraz garatzen diren ekimen, proiektu eta produktuen erakuslehioa. Bertan Euskarazko wikipediaren 10. urteurrena ospatzeko edizio-maratoia egingo da. Hiru gune hauetan, 'Haur Literatura Aretoan' eta 'Ahotsenea' delakoan orotara 200 bat ekitaldi egingo dira bost egunetan zehar.
Azken urteetan bezala, sare sozialetan ere izango du isla Azokak. Facebook-en eta Twitter-en nobedadeen informazio eguneratua eta ia berahalakoa jaso ahal izango da. Gainera, Azokak aurten telefono mugikorretarako aplikazio bat ere sortu du: 'Kulturize Azoka Edition' izena du, eta instalatu ondoren erabiltzaileek sakelekoetan azokan egingo diren ekitaldi eta berri guztiak jasoko dituzte.
Iñaki Beobideri Argizaiola saria
Azokak urtero ematen duen Argizaiola saria Iñaki Beobide donostiarrak jasoko du 46. edizio honetan. Beobidek Herri Gogoa diskoetxea sortu zuen 1967an eta, 1981. urtera arte, euskal musika talde eta kantari askoren diskoak argitaratu zituen.
Bestalde, aurtengo kultura gonbidatua galegoa izango da eta Culturgal elkartearekin elkarlanean egingo dira ekitaldiak Azokan. Besteak beste, Anton Reixa abeslari ezagunak “Galizia denok gara” izeneko hitzaldia emango du.
-Durangoko Azokaren webgunea, hemen
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus