Diasporan entzungo dira aurrena Danborradaren doinuak aurten, Paris eta New Yorkeko euskal etxeek bihar ospatuko dutelako San Sebastian Eguneko festa. Behin hasita, jaia etenik gabe luzatuko da Diasporan zehar: astelehen gau eta asteartean Donostia eta Azpeitian, baina astean zehar eta iganderaino Madril, Bartzelona, Arrecifes, Necochea (astebeteko festa egitaraua eginez), Caracas, Murtzia, Mexiko, Valladolid, Shanghai...
Donostia-San Sebastian. Donostian eta Azpeitian datorren astelehenari begira ari dira denak, egun horretako gauerdian hasiko baita San Sebastian eguneko festa eta 24 orduz danborren soinuak hartuko dituelako bi txoko hauetako kale eta bazterrak. Diasporan, baina, festa lehenxeago hasteko aukera izango dute batzuek. Parisen, esaterako, San Sebastian Eguneko afaria bihar larunbata egingo da, eta New Yorken bertako euskaldunak eta lagunak Eusko Etxean bilduko dira bihar ere, elkarrekin bazkaldu eta ondoren danborrada jotzeko.
Astelehenean, Donostia eta Azpeitiarekin batera, Madrilgo eta Bartzelonako euskal etxeetan ere zuzenean biziko dute festa, eta gauerdian danborradarekin bat egingo dute, telebistaren bitartez. Madrilen urtero legez Euskal Etxeak San Sebastian eguneko bezpera afari batekin ospatuko du, Jai Alai jatetexean. Gauerdian nagusien danborradak joko du jatetxearen kanpoaldean, jatetxeko danborradarekin batera. Bartzelonan, aldiz, Euskal Etxeak San Sebastian bezperako festa egingo du eta gauerdian telebistan Donostiako eta Azpeitiako jaien giroaz gozatu eta elkartean bertan danborrada joko dute.
Egun berean, baina Argentinako Arrecifes herrian ere festa egingo da, eta Euskaldunak Denak Bat euskal etxeko tabernan bilduko dira bazkideak, txuriurdinez jantzita danborrada jotzeko eta jaiaz gozatzeko prest.
Asteartean, San Sebastian Egunean, Argentinako Necochea hiriak ere bat egingo du festarekin. Necochean tradizio handia du jai honek eta euskal etxeak astebeteko egitarau zabala prestatu du. Urtarrilaren 20an, festa Meza batekin hasiko da, eta ondoren euskal etxeko danborrada hiriko kaleetan barrena ibili da, Sarriegiren Martxak jotzen.
Caracasen, urtarrilaren 24an, larunbatean, antolatu dute festa Eusko Etxean eta, urtero egiten duten legez, danborrada ere joko dute. Mexikon ere egun handia izan ohi da festa, eta DFko Euskal Etxean afari jendetsu eta alaia egingo dute --berrehun bat lagun inguru bildu ohi dira urtero-- eguneko ikuskizun handiaren zain: elkarteko danborrada. Makina bat urte ditu danborrada honek, eta Alfredo Jover Danbor Nagusiaren zuzendaritzapean, Sarriegi maisuaren doinuekin giro bikaina jarriko dute. Txinan, Shanghaiko Euskal Etxeak ere afaria eta ondoren danborrada jotzea antolatu du egun horretarako.
Necocheako aste osoko programarekin jarraituz, datorren asteko larunbata izango dute, asteartearekin batera, asteko egun nagusiena eta euskal etxean afari eta festa egingo dute. Gaualdi horretan etxeko alkate berria aukeratuko dute eta harek igoko du Donostiako bandera, danborradaren soinuek lagunduta. Afalostean erromeria egingo da eta mutxikoak dantzatuko dituzte, Euskal Herritik bisitan heldu berria den Patxi Perez dantzari lapurtarrak gidatuta.
Larunbata izango da baita ere Espainian, Valladolideko Gure Txokoa Euskal Etxeak ospakizunerako hautatuko eguna. Hemen egitarauak afaria baitaratuko du eta ondoren etorriko da, angulak ezean gulak izango dituen afaria eta segidan danborrada elkartearen egoitzan.
Amaitzeko, igandean, urtarrilaren 25ean, Madrilen, Euskal Etxeko Txikien Danborrada kalera aterako da San Sebastian Eguna ospatzera. Euskal Etxearen atarian joko dute txikiek, eguerdi aldera. Ondoren, elkarteko orfeoiak San Sebastian Martxa abestuko du San Ignacio elizan, "Real Congregación de Naturales y Originarios de las tres Provincias Vascongadas" elkarteari omenaldi gisa. Elkarteak bere sorreraren 300 urteak ospatzen baititu.
Eta urtarrilaren 25a, igandea, izango da, azkenik, Murtziako Euskal Etxekoek San Sebastian jaiarekin bat egiteko hautatutako eguna. Elkartekide eta lagunek bazkaria antolatu dute euren egoitzan eta ondotik eutsiko diote Sarriegiren doinuak jotzeari, donostiar eta euskal festa honen lekuko eta biziarazle Diaspora osoko gainerako lekuetan legez.
[Zeure euskal etxe edo komuinitateko ospakizuna topatzen ez baduzu, idatzi hona xehetasunak emanez. Mila esker]