Buenos Aires, Argentina. Larunbat honetan, maiatzaren 13an, trikiaren doinuak, panderoaren erritmoa, txisturen bat eta agian alboka bat ere berriro entzungo dira San Telmoko kaleetan. Arratsaldeko sei eta erdietan, euskaltzaleen konpartsa, ohi legez, Euskaltzaleak-en egoitzatik, Bernardo de Irigoyen 826tik, aterako da. Zuzeneko euskal musika, kantua eta dantza izango dituzte lagun auzoko tabernetan barrena Buenos Airesko euskaltegiak antolatzen duen 12. Trikipoteoan. Baina edizioak gozagarri berezi bat izango du: uholdearen karietara Euskaltegiaren liburutegia erreskatatzera berehala hurbildu ziren kontserbatzaile eta zaharberritzaileekin berriz bildu eta esker ona adierazteko aukera izango da.
Dedikazio eta emanaldi itzelaz aritutako liburutegiko erreskatatzaileak gonbidatu berezi izango dira. María Susana Tuny Cagliolok EuskalKultura.eus-i azaltzen dionez, “Gertatutakoa jakin bezain pronto, boluntarioak deitu genituen eta jada entrenatutako ikasle eta irakasleak bertaratu ziren. Gero laguntza eskaera ikasle berriei luzatu zitzaien. Horrela osatu zen, Euskaltegiko bazkideekin batera, urpean geratutako liburu eta argitalpenak salbatzeko kolaboratzaile taldea”, Tuny, Arte Unibertsitate Nazionaleko (UNA) Kontserbazio eta Zaharberritze Lizentziaturako Pérez Botta Katedrako Lan Praktikoen burua da. Berarekin nekaezin aritu dira lanean María José Biocca, Candela Gonzales, Teresa Romano, fisika, kimika eta biologia irakasleak, eta Carolina Cortes UNAko Ukitu Piktorikoko irakaslea.
Elkartasuna nonahi eta esker ona
“Liburuak berreskuratzen lagundu digutenei gure esker ona adierazteko aukera bikaina izango da”, diosku Euskaltzaleak Euskaltegiko lehendakari Anabel Jaureguiberryk. “Nahiz eta liburu dezente galdu, beste asko Tuny Cagliolo eta boluntarioei esker salbatu dira. Eta hori azpimarratzekoa da, lan ederra egin dutela, eta borondatez, ezer kobratu gabe, ezer eskatu gabe, musu truke. Horregatik guztiagatik trikipoteo hau haiei eskaini nahi diegu, haien omenez da”, gaineratzen du.
Baina ez dira bakarrak izan parada triste horretan laguntzen. “Gure kide eta lagun guztiak lehenengo minututik bertaratu ziren, laguntzeko prest. Eta horretaz gain beste erakunde batzuen laguntza ere jaso dugu, bai hemengo euskal etxeena, bai Euskal Herriko erakunde eta lagunena. Euskal komunitatea solidarioa dela diogu beti, eta somatu dugun gogoak eta jasotako laguntzak, hainbat motatakoak, hori halaxe dela frogatu digu”, bukatu du Anabelek.