euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Azulgo Gure Txokoak pasealdi turistiko eta kulturalak antolatzen ditu bertako komunitatean hobeto finkatzearren

2023/10/06

Gure Txokoa Euskal Etxeko lehendakari Evelia Bianchi Etchegoyen, Luis Perrière kazetari eta Raúl de los Hoyos musikariaren bizitza eta lanaren adituari esker oneko oparia eskuratzen
Gure Txokoa Euskal Etxeko lehendakari Evelia Bianchi Etchegoyen, Luis Perrière kazetari eta Raúl de los Hoyos musikariaren bizitza eta lanaren adituari esker oneko oparia eskuratzen

PUBLIZITATEA

Azul, Argentina. Azulgo Gure Txokoa Euskal Etxeak Zuzendaritza Batzordea berritu zuen pasa den uztailean eta, kide berriak batze aldera, proposamen berritzaile bat estreinatuko du. datorren astean, urriaren 14an, larunbata, izan ere irteera turistiko-kultural bat antolatu baitu Boca de las Sierras Erreserba Naturalera eta Pablo Acosta herriskara. Goizetik iluntzera arte luzatuko den ibilaldiak gida turistiko bat izango du azalpen-emaile, eta gosari-bazkaria, eta toki esanguratsuetarako bisitak baitaratuko ditu.

Eta zertan datza, izan ere, proposamen berria? "Bidaia turistiko bat eskaintzea pentsatu genuen, Euskal Etxea komunitateari gehiago zabaltzeko jarduera bat egitea daukagu buruan, hobeki ezagut gaitzaten. Bazkide eta gertukoengana ez ezik, hiriko edozein bizilagunarengana ere heldu nahi dugu eta, besterik gabe, elkar-ezagutza eta adiskidetasun loturak sustatu eta sortzen hasi”, kontatu dio EuskalKultura.eus-i Gure Txokoa-ko idazkari berria den Pierina Castiglionek.

Larunbat goizean, Boca de la Sierra paradorera doazen landa-bideetan barrena ibiliko dira, paradorean gosaldu eta ibilbide bat egingo dute. Carlos Regazzoni artistaren El Malón aire zabaleko eskultura bisitatuko dute eta, ondoren, Pablo Acostara abiatuko dira. Bertan, landa ostatuan bazkaldu, Los Teros parke eolikoa bisitatu eta Trapenseen monasterioa bisitatuko dute. Interesatuek WhatsApp bidez 2281-370788 telefonora deitu dezakete edo Gure Txokoaren egoitzara hurbildu asteazkenez 16:30etatik 17:30etara (Ronco 675 ex Alvear, Urdina).

Euskal diaspora eta tangoa: Santurtzi eta Raúl de los Hoyos

Bestalde, eta Azulgo Udalaren babesarekin, irailaren 17an “Luis Perrière presenta a Raúl de los Hoyos” hitzaldi-ikuskizuna antolatu zuen Euskal Etxeak Beer Garden garagardotegian Euskal Diasporaren Eguneko ospakizunen baitan, ehun bat tango zale bilduz Saladilloko musikariariaren gorazarre. Raúl De los Hoyos musika hiritarraren adierazle garrantzitsua Santurtzitik 19. mende amaieran etorritako Joaquín Martin de los Hoyosen biloba zen. "Argentinako euskal komunitateko tango-musikaririk garrantzitsuena da Raul De los Hoyos. Izan ere, euskal komunitateak hainbat izen dauzka tangoaren munduan, baina bat bera ere ez letra larriz idatzita konposizioaren arloan, eta hauxe da kasua", azpimarratu dio gure buletinari kazetari eta artistaren bizitza eta obran aditua den Luis Perrièrek.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia